Iñaki Zubizarreta Mujika, in memoriam

2021 Abendua 13
Iñaki Zubizarreta Mujika, in memoriam

Abenduaren 9an zendu zen, Azpeitian. EIZIEko kidea izen zen elkartearen hasiera-hasieratik, eta lehendakari 1990-1991 urteetan. Beatriz Zabalondoren eta Txiliku Arangurenen agur hitzak ekarri nahi izan ditugu guztion artera.


Iñaki Zubizarreta Mujika Xubi kidea joan zaigu.

Kolpe latza hartu dugu; kolpean berritu zaizkigu hainbat bizipen, une, harekin egindako gogoeta eta ikasitako ezin konta ahala lezio. Eta gogora etorri zaigu herri zaurtzaile honetan jende askok egin duela lan gogotik, haize kontra, begirunerik gabe, oztopo handiekin, militantzia kulturalak bultzatuta, arrakastaren distira eta txaloen oihartzunik gabe; bat, Xubi.

EIZIEk jaso zuen Iñaki Zubizarreta Mujikaren biografia labur bat. Hura irakurrita dakigu seminariotik irtenda Herri Irratian aritu zela hainbat urtez. Seminarioko ikasketek literaturaren bidean egiteko baliabideak eman zizkiotela, eta irratian euskal kultura ezagutzeko saioak antolatu zituela, euskaraz aritzea bera zaila zen garaietan: dokumentazio lanetarako liburutegietara joan behar zen sasoian, eta apunteak hartu eta gero irratsaioa prestatu. Urte batzuetara, telebistarako langintzan hasi zen eta euskara zuzentzaile jardun zuen erretiratu arte. Lanetik irten eta ordu libreetan, urteak eman zituen Manuel Lasarterekin harremanean: hura gertu-gertutik ezagutu eta beretzat bertsolari konpletoenetako baten berri emateko euskal kulturari.

Irakurle amorratua zen; erosi eta irakurtzen zituen liburu asko Donostiako parkeetako eserlekuetan barreiatuta uzten zituen, berak baino «behar handiago izango zuen norbaitek aprobetxatzeko». Irakurle fina eta hizkuntzalari zolia zen. Asko zekien hizkuntzari buruz. Bere jakintza partekatzeko prest zegoen beti, bidelagun izan nahi zuen orori. EIZIEko lehen urteetatik adierazi zuen nolako hizkerak behar genituen telebistarako, nola egokitu behar genuen euskara ikus-entzunezkoetara. Jakintza eta langintza eskaini zizkigun.

Lanean eskuz aritzen zirenetako kulturgilea izan zen Xubi. Ziurrenik, eskuz aritzeak ematen duen patxada eta denborarekin, berak esaten zuen moduan «lan xume» batzuk ondu zituen, hitzen eta literaturaren arragoan. Baina argitaratuta utzi zituen lanez gain, argitaratu(ko) ez den altxorra ere utzi zigun: telebistan aritutako hainbatentzat erreferente izan diren lanerako «hiztegia», besteak beste.

Xubirekin izandako azken enkontruetan mundualdiari agur esateko prestatzen ari zela nabaritu genuen, espiritualtasun betean itzuli nahiz bere jatorrira. Letren, filosofiaren, erlijioaren eta bizitzaren labean ondu zuen obra eder laburrean aurkituko dugu berriro gure bihotzeko Xubi:

Herio-zauriturik,
ezerezaren hotzikaraz
isil-isilik,
murgiltzen naiz
izara zurietan,
amaren oroitzapenaz
amets sakonean,
Jainkoak bilduko gaituen
esperantza betean.

Herri zahar honek asko zor dion kultur langile handi bat joan zaigu, apal.

Beatriz Zabalondo
Txiliku Aranguren