Idoia Santamaríak irabazi du Itzulpenaren Euskadi Saria
Ingeborg Bachmannen 'Aldibereko' liburuaren itzulpen-lana saritu du epaimahaiak. Zorionak, Idoia!
Idoia Santamaríak Ingeborg Bachmann idazle austriarraren Simultan ipuin-bilduma alemanetik euskarara ekartzean egindako lana saritu du Euskarazko Literatura Itzulpena ataleko epaimahaiak:
«Idoia Santamaría Urkaregi itzultzailea ezinezkoa egiten tematu da eta erabaki ausarten bidez lortu du liburuko bost ipuinetan protagonismoa hartzen duten Vienako sei emakumeen ahotsa irakurle euskaldunari entzunaraztea, eta 1968tik 1972ra bitartean idatzitako bost istorioak XXI. mendeko euskal irakurlearentzat unibertso sinesgarri bihurtzea.
Bachmannen prosa alemanez irakurri duenak badaki ez dela irakurlearentzat erraza, eta askotan lan nekeza dela hitz egiten ari diren pertsonaien ahotsak, gogoetak eta are narratzailearena bereiztea, idazleak nahita jolastu baitu puntuazioaren arauei izkin eginez, baina aldi berean pertsonaiak hizkuntzaren bidez marraztuz. Idoia Santamaríaren euskarazko itzulpenean, epaimahaiaren ustez, ondo ezagutzen dira alemanezko istorioetako gizon eta emakumeak, eta itzultzaileak harturiko erabaki batzuen ausardiari zor zaio, hain zuzen, Ingeborg Bachmannek istorio bakoitzean ezarritako tonua euskarazko irakurleari helaraztea lortu izana».
Aldibereko iaz argitaratu zen (Erein eta Igela), Literatura Unibertsala bilduman (ikus aurkezpenaren bideoa). Aurten, itzultzaileak berak artikulu interesgarri bat argitaratu du liburuaren itzulpen-prozesuaz, EIZIEren Langintza Xeheki atalean.