Hamar urte bete ditu Nor da Nor datu-baseak
Bide oparoa egin du euskal itzulpengintzaren datu-baseak, eta etengabe eguneratzen da.
Gaurkoa bezalako egun batean aurkeztu zuen EIZIEk datu-basea jendaurrean, eta, hamar urteren buruan, abiapuntu izan zuen literatur itzulpenen katalogoa baino askoz gehiago biltzen du Nor da Nor-ek.
Bi ardatz nagusi ditu –itzultzaileak eta itzulpenak–, elkarri loturik, eta horien inguruko informazio ugari eskaintzen du. Itzulpenei dagokienez, euskarari zer ekarri diogun aurkituko dugu: argitalpenei buruzko datuak, haiek kontsultatzeko estekak lanok sarean izanez gero, hedabideetan argitaratutako kritikak... Literatur itzulpenen bilketa historikoa eginik dago –hutsuneak hutsune, betiere–, eta etengabe eguneratzen jarraitzen dugu. Testu ez literarioak ere biltzen ditu gaur egun datu-baseak, nahiz eta horien ondare historikoa osatzeko denbora beharko dugun. Halaber, euskal itzulpengintzaren ikuspegi osoa eman nahian, euskaratik beste hizkuntzetara itzulitako testu literarioen berri ere aurkituko dugu Nor da Nor-en.
Itzulpen horien guztien egileak dira datu-basearen beste zutabea. Esfortzu berezia egiten dugu itzulpenen atzean dauden pertsonak identifikatzeko, batzuetan ezinezkoa baita informazio hori aurkitzea. Itzultzaileen ardatzetik bilatuta, bakoitzak zer itzuli duen ikusteaz gain, itzultzaile, interprete eta zuzentzaileei buruzko biografiak edo aurkezpen laburrak ere irakur daitezke. EIZIEko profesionalekin harremanetan jartzeko bidea ere eskaintzen du Nor da Nor-ek, eta EIZIEkideek badute beren CVa sarean gordetzeko gunea, datuak osatu ahala automatikoki eguneratzen baita.
Pauso laburrez ekin genion asmo handiko proiektu honi, era askotako erabiltzaileei eta beharrei erantzun nahian, eta urteurrenaren harira bildu ditugun bideo labur hauetan ikus daiteke noraino bete dugun, edo ez, gure asmoa.
Guztion eskura dago urte hauetako lanaren emaitza, askoren arteko lanaren emaitza, elkarlana izan baita hamar urte hauetako ibilbidearen oinarrietako bat: armiarmarekin, EIPSren katalogoarekin. Lankidetza horren azken adibidea BasqueBooks atarirako itzultzaileen bilatzailea da.
Eta elkarlana diogunean ez gara bakarrik ari beste erakundeekikoaz, hori bezain edo are beharrezkoagoa izan baita proiektuan modu batean zein bestean parte hartu duten guztien ekarpena: datu-basea diseinatzen eta sortzen lagundu zutenena, hasieratik horren kudeaketaren eta garapenaren ardura izan duen lan-taldearena, baita era askotara lagundu duten, duzuen guztiona ere.