Saccoren 'Gerra Gazan' komikiak irabazi du 2025eko Zilarrezko Euskadi Sarietako bat

Komiki eta album ilustratuen kategorian, Julen Gabiriak euskaraturiko lanak jaso du saria aurten.
Gipuzkoako Liburu Denden Elkarteak Zilarrezko Euskadi literatur sariak banatzen ditu urtero. Haien hitzetan, «Gipuzkoako liburu-dendok sari hauek banatzen dizkiegu argitalpen berrienen artean bereziki aipagarriak direnei, nobedadeen ozeanoan sakabanatutako “altxorrak berreskuratzeko”. Hala, merezitako errekonozimendua jaso ez duten liburuak nabarmendu nahi ditugu, eta bigarren aukera bat eman. Aldi berean, sarion bitartez horrelako lanen alde apustu egiten duten argitaletxeei balioa eman nahi diegu».
Komiki eta Album ilustratuen kategorian, Gerra Gazan lana izan da garaile. «Ez dugu soilik komiki hau aitortu nahi, Joe Saccoren arte grafikoarekiko eta konpromiso sozial zein politikoarekiko maitasunez egindako ibilbide oso bat ere saritu nahi dugu. Sacco mundu mailako komiki-erreportajeen egile onenetakoa da, eta bederatzigarren artearen kalitatea eta balioa gorenera eramaten ditu, ez soilik ikuspegi artistiko edo grafikotik, baizik baita balio narratibo, dokumental eta garaiko konpromisotik ere». Aitorpen hau Bilboko Astiberri argitaletxeari ere zabaldu diote, eta, kasu honetan, bereziki Julen Gabiria bizkaitarrak egindako euskarazko edizioari, komikiaren balio artistikoa, soziala eta kulturala erakusteko erronka onartu duelako.
Joe Saccoren bi lan euskaratu ditu Julen Gabiriak, eta beste batek ikusiko du argia azaroan: Gazako oin-oharrak.