Fernando Rey, EIZIEren lehendakari berria
Bazkide hauek osatzen dute, joan den larunbata geroztik, Zuzendaritza Taldea: Fernando Reyk, Ibai Sarasuak, Claudia Torralbak, Aitor Blancok, Amaia Apalauzak, Ainhoa Mendiluzek, Isabel Etxeberriak eta Ane Garmendiak.
Larunbatean izan genuen elkartearen urteko Batzarra, eta Fernando Rey Escalera nafar itzultzailea izendatu genuen, aho batez, hurrengo bi urteetarako lehendakari. Horrenbestez, Manu Lopez Gaseniren lekua hartu du Reyk.
Beste bi itzultzaile ere batu zaizkigu Zuzendaritza Taldera: Isabel Etxeberria Ramirez eta Ane Garmendia Alberdi. Jon Alonso Abajok, berriz, taldea utzi du, bi urtez elkartearentzat lanean jardun ondoren.
Nolanahi ere, Lopez Gasenik, kargua utzi baino lehen, iaz zendu ziren bazkideak –Xabier Mendiguren Bereziartu, Jorge Jimenez Bech eta Jose Maria Rementeria– gogoan hartu nahi izan zituen, eta eskerrak eman itzulpengintzaren eta euskararen alde egindako lan eskergagatik.
Bilboko La Bolsa eraikinean elkartu ginen bazkideok, eta, Zuzendaritza Talde berria osaturik, iazko jarduna eta aurtengo asmo dagoeneko martxan jarriak izan genituen hizpide. Urtero bezala, zenbait ikastaro eta mintegi antolatuko ditugu, itzulpengintza sustatzeko solasaldi eta mahai-inguruak egingo ditugu, Literatura Unibertsaleko liburuak argitaratuko ditugu –hurbilduz goaz 200. zenbakira–, lanbidearen gaineko kontuak jorratuko ditugu eta gertu-gertutik kasu egingo diegu –gertu-gertu baititugu teknologia berriak ere, besteak beste–, Euskal Herriko zein kanpoko elkarte batzuekin ere kolaboratuko dugu…
Alabaina, badugu nobedade bat ere: itzulpen-beka bat jarriko dugu martxan, urtero gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko. Itzultzaile hasiberriei begira sortu da beka, eta bekaren hartzailea mentoretza baten bidez trebatuko da itzulpengintzan. Laster aurkeztuko dugu proiektu berria.
Baina batzarra ez genuen La Bolsan amaitu, baizik, ohi dugunez, jatetxe batean, EIZIEren alde topa eginez. Izan ere, badugu lan pixka bat, baina baita ilusioa eta energia ere.