Euskarazko ikus-entzunezkoen itzulpengintza ere saritu du ATRAE elkarteak aurten
Ane Garmendia Alberdik jaso du bikoizketarako itzulpen onenaren saria, eta Leire Chertudi Ozamizek eta Ilargi Garcia Barrenak, berriz, azpitituluetarako itzulpen onenarena.
Ikus-entzunezko itzulpenen kalitatezko lanak eta horien egileak ikusarazteko antolatzen dituzte urtero sariak.
Bina kategoria sortu dituzte aurten: bikoizketarako itzulpena eta azpititulazioa, euskaraz, galegoz eta katalanez.
Urriaren 26an izan zen sarien banaketa-ekitaldia, Bartzelonan, eta honako hauek jaso zuten saria:
- Euskarazko bikoizketarako itzulpen eta moldaketa onena: Ane Garmendia Alberdi, Mavka. Basoaren zaindaria filmerako lanagatik, «hiztegi aberatsa eta euskarari dagozkion esamolde asko dituelako. Horiek bikoizketari errealismoa eta elkarrizketetan sentimendu bera ematen diote».
- Euskarako azpitituluetarako itzulpen onena: Leire Chertudi Ozamiz eta Ilargi Garcia Barrena, The Wheel of Time serieagatik, «euskarazko hiztegia ondo erabiltzeagatik, baita sormenezko eta fantasiazko izen propioen hainbat itzulpenengatik ere».
Informazio guztia, ATRAEren webgunean.