Euskal liburuaren sektorea ere ataka larrian

2020 Uztaila 17
Euskal liburuaren sektorea ere ataka larrian

Atzo, uztailak 16, euskal liburuaren sektoreko zenbait elkartetako ordezkariek prentsaurreko bat eskaini zuten, euskal liburuaren sektorearen egoera larria salatu eta hainbat neurri eskatzeko.


Garbiñe Ubedak (Euskal Idazleen Elkartea), Joxemari Sorsek (Euskal Editoreen Elkartea), Pello Eltzaburuk (Editargi Elkartea), Larraitz Orkolagak (Galtzagorri Elkartea) eta Karlos del Olmok (EIZIE Elkartea) euskal liburugintzaren sektorearen egoera larria salatu dute prentsaurreko batean, eta zenbait neurri eskatu, bai sektoreko sortzaileentzat, bai enpresa eta autonomoentzat.

Prentsa-oharrean diotenez, «Kulturaren baitako sektoreak, eta bereziki liburugintza sektorea, ezinean dabiltza, 2008koaz geroztik atzeraldiak eta krisiak metatzen joan direlako; ez, ordea, sektoreari bideratutako dirulaguntzak, orotara txikitu egin baitira. Azken krisi honek eragindako kalteak are dramatikoagoak dira, aipatzen ari garen kultura eta nabarmentzen ari garen liburugintza euskaraz sortuak baldin badira, berez ezin larriagoa den egoerari gehitu zaizkiolako. Alegia, euskal hizkuntzak, kulturak, beste hizkuntza hegemoniko ahalguztidun batekin/batzuekin bizi eta iraun behar du, batere konparagarriak ez diren baldintzetan, zenbakitan eta irisgarritasunean.

Sektore honek, biziko bada, aitortza, inbertsioak, sustapen kanpainak, konpentsazio-neurriak eta aldaketa estrukturalak behar ditu; hitz batez, instituzioekin akordio iraunkorrak.»

- Ikus prentsaurrekoaren bideoa.

- Ikus albistea Berria egunkarian.