«Euskal itzulpenaren munduak zor handia dauka Juan San Martinekin»
Besteak beste, Martuteneko Itzultzaile Eskola eta EIZIE elkartea bera bultzatu zituen San Martinek.
Juan San Martin Eibarren jaio zen, 1922ko ekainaren 23an, eta itzultzaileon esker ona adierazteko parada dugu urteurrena.
EIZIEk ohorezko bazkide izendatu zuen 1996an, beste zortzi itzultzailerekin batera, aurreko belaunaldietako idazle-itzultzaileek eginiko lan eskerga aitortze aldera. Izendapenarekin batera, EIZIEk itzultzaile horien lan bana argitaratu zuen bi urte geroago, Itzulpen Antologia II liburuan:
Juan San Martin idazle eta euskaltzain eibartarrak literatur itzulpenak egin ditu gehienbat, eta haien artetik M. D. Ghelderoderen Zaldun bitxia izeneko antzezlana aukeratu zuen berak antologia honetarako. Itzulpen hau 1965ean argitaratu zuen, Egan aldizkarian, eta hemen eskaintzen dugun bertsioa berak moldatua eta euskara batura egokitua dago.
Bere itzulpen lanetatik aipatzekoak dira, besteak beste, Bertold Brecht-en Kantak eta poemak (1966), Salvador Espriuren Sinerako liburua (Llibre de Sinera) (1996) eta Zezen larrua (La pell de brau).
Martuteneko Itzultzaile Eskolaren bultzatzaile izan zen 1980ko hamarkadan, bestalde, elkartearen 30. urteurrenean sortzaileek kontatu zigutenez:
Ni Algortatik zuzenean etorri nintzen Donostiara, itzultzaile eskola bat sortzera. Juan San Martinek deitu, eta esan zidan: «Laster, egundoko itzulpengintza sortuko da gure artean. Jende asko beharko da, prestatua, gauzak egiteko. Eskola bat sortu behar da». Eta zera esan nion: «Nik itzultzen zerbait badakit, baina eskola bat egitea beste kontu bat da». Eta berak: «Bueno, bilatuko duzu modua». Francoren agintaldiaren bukaera zen, eta beste erregimen bat sortuko zen.
Eta, orduan, egin genuen beti egiten dena: dakitenei galdetu (…). Baina ez zen nahikoa: dirua behar zen antolaketa bat egiteko. Orduan, irakasle bila hasi nintzen: Zabaleta anaiak (Pello eta Josu), Koro Navarro, Linda bat, ingelesa irakasten zuena… soka bat. Baina kontua zen dirua behar zela hori dena egin ahal izateko, eta Juan San Martinek esan zidan: «Lasai, hasieran, behintzat, konponduko dugu».
(…) Orduan, lehenengo, esker on handi bat zor diegu Juan San Martini eta haren familiari, lehen pauso hori eman zutelako.
EIZIEren sorreran ere parte hartu zuen, egoera aztertzeko eta hurrengo urratsak zehazteko sorturiko taldean.
«Zenbat gauzatan izan den Juan San Martin bultzatzaile!». Halaxe, bada, 2022ko ekainaren 22an, Eibarko Udalak eta Euskaltzaindiak gogora ekarriko dute Juan San Martin euskaltzainaren jaiotzaren mendeurrena.
(Irudia Euskaltzaindiatik hartua)