«Eskerrik asko, Karlos, urte hauetan guztietan 'Senez'i eskaini dizkiozun izerdi-orduengatik»

2021 Abendua 21
«Eskerrik asko, Karlos, urte hauetan guztietan 'Senez'i eskaini dizkiozun izerdi-orduengatik»

15 urtez SENEZen zuzendari izan ondoren, Amaia Apalauzari emango dio aldizkariaren lema Karlos del Olmok.


Duela hilabete batzuk jakinarazi zigun Karlos del Olmok (Barakaldo, 1958) erretiroa hartzekoa zela, urte luzez itzulpengintzaren itsasoan nabigatzen aritu ondoren. Agur batzuek gehiago izaten dute gozotik gazitik baino, eta, hala ere, itsas zeharkaldi luze baten arrasto gatzatuak utzi dizkigu azken honek azalean.

2006. urteaz geroztik atzo arte SENEZ belaontziaren lemazain aritu zaigu Karlos, «sareak akats ia ikusezinak harrapatu nahian hedatzen, eskifaiak berritzeko itsasturien xerka, barkuak egunero behar dituen ataza txiki eta handietan, antzinako nabigatzaile greziarren antzera» dabilen lantalde batek ere ezinbesteko izaten baitu iparrorratzari jarraituko dion gidari bat.

30. alearen editorialean hitz hauek idatzi zituen zuzendari berriak: «itzulpenaren arragoan kulturak, diskurtsoak eta hizkuntzak urtzen dira eta bat egiten. Itzulpen ekintzak, bestalde, idazketa hibrido eta kultur artekoak sortzen ditu. Aniztasuna oinarri, batasuna dakar itzulpenak, baina ez batasun zapaltzaile eta suntsitzailea, ez, batasun jori eta ugaria, zati ezberdin askok eratua».

Udazken honetan bertan, berriz, agurraren atariko, Pandemiaren Aroko 2. urteko SENEZen uzta aurkeztu zigun, eta gogorarazi, «historian lehen aldiz, pandemia batean jakinduria partekatzeko ahalmena eta erantzukizuna izan ditugula, arreta linguistikozko sare bat eratzeko, munduko bazter guztiak zeharkatuta, itzulpen modu guztiak direla bitarte».

1984an bidaiari ekin zionetik gaur arte, lau lemazain izan ditu aldizkariak, eta aurrerantzean Amaia Apalauzaren eskuek helduko diote lemari, gure belaontziak jarrai dezan tinko, «mota guztietako haize eta mareak lagun eta oztopo, Itakarantz».

Eskerrik asko, Karlos, urte hauetan guztietan SENEZi eskaini dizkiozun izerdi-orduengatik. Zuk zeuk esana da: «Itzulpena bidaia luze bat da —Steiner-ek zioenez—, inoiz ere amaitzen ez dena; dena dela, lantzean behin, bazterrean atseden hartzen gelditu eta beste bidaideei agur esateko parada ematen digu».