Biljana Isailovic itzultzaileak eta Treci Trg argitaletxeak irabazi dute Etxepare - LABORAL Kutxa Itzulpen Saria
Bernardo Atxagaren 'Zazpi etxe Frantzian' eleberria serbierara itzuli du Biljana Isailovic-ek.
Biljana Isailovic-ek irabazi du 2026ko Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria, Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian (Pamiela, 2009) eleberria serbierara itzultzeagatik: Sedam kuca u Francuskoj (Treci Trg, 2025).
Epaimahaiak bereziki balioetsi du itzulpenaren ebaluazio txostena. Txosten horrek «bikaintzat» jo du itzulpena, eta erabilitako hizkuntza irakurle serbiarrarentzat naturala eta arina dela nabarmendu du. Halaber, itzulpen-lan zaindua dela azpimarratu du, jatorrizko obraren estiloa, tonua eta giroa gordetzen baititu, xede hizkuntzaren ezaugarrietara dotore egokituta.
Itzulpenaren kalitateaz gain, epaimahaiak aintzat hartu du Isailovic-ek literatur itzultzaile gisa duen ibilbide zabala, 55 lan inguru itzuli baititu. Bereziki nabarmendu du Bernardo Atxagaren obra Serbian ezagutarazteko urteetan egin duen ekarpena. Orain arte, idazlearen zortzi liburu itzuli ditu serbierara, eta hiru argitaletxek plazaratu dituzte.


