'Behinola' aldizkariaren zenbaki berria, itzulpenari eskainia

2020 Ekaina 23
'Behinola' aldizkariaren zenbaki berria, itzulpenari eskainia

Galtzagorri elkarteak kaleratzen du 'Behinola' aldizkaria, eta HGLren itzulpenari eskaini dio ekaineko zenbakia.


Haur- eta gazte-literaturaren itzulpenari buruzko monografia bat da Behinola aldizkariaren 41. zenbakia.

«Itzulpengintzaren mosaiko bat osatu dugu erreportaje nagusian. Hainbat ahots bilatu genituen literaturaren arlo horri buruz mintza zitezen eta ahotsak mosaikoaren teselak bailiran eman ditugu: Juan Kruz Igerabide itzultzailea eta idazlea, Patxi Zubizarreta autoitzultzailea eta idazlea, Fernando Rey EIZIEren izenean, Eli Manterola eta Naroa Zubillaga EHUko irakasleek eta ikertzaileek Akademiaren tesela bana osatu dute, Ikas eta Denonartean argitaletxeetako Aines Dufauk eta Unai Pascualek beren ekarpena egin dute argitaletxeen teseletan, Mikel Ayerbek itzulpengintzaren ezinbesteko detaileei begiratu die Largabistaren teselan eta Miren Ibarluzeak Vitoria-Gasteiz Itzulpen Sariaz idatzi du, euskal eremuan haur- eta gazte-literaturaren itzulpena saritzen duen bakarra denez gero». 

Bestalde, «Sormenez» atalean, Manu López Gaseniren Andrea, itzultzaile neuronala pieza argitaratu dute. «Lau eskutara» atalean, berriz, Barbara Pregelj-ek euskal letrek euskaratik eslovenierara egindako bidaia bitxiari buruzko artikulua idatzi du, eta Aitor Aranak euskara eta esperantoa lotzen dituen Kolekto Lunlumo bildumaren historiaren berri eman du.

Ale bat eskuratu nahi izanez gero, liburu-dendetan ere badute salgai.

Iturria: Galtzagorri