'Basque.Books' ataria sortu du Etxepare Euskal Institutuak, euskarazko literatura nazioartean sustatzeko

2024 Urtarrila 26
'Basque.Books' ataria sortu du Etxepare Euskal Institutuak, euskarazko literatura nazioartean sustatzeko

Jatorriz euskaraz idatziriko literatura-lanen laginak eskaintzen ditu, frantsesez eta ingelesez. Etxepareren laguntzaz itzulitako testuak biltzen ditu, bai eta Euskadi Saria jasotakoak ere.


Nazioarteko publikoari egungo euskarazko literaturaren argazkia eskaintzea du helburu Basque.Books atariak, atzerrirako argitalpen-eskubideen salmentan laguntzeaz gainera.

Une honetan euskarazko 31 libururen laginak daude eskuragai. Batetik, Etxeparek 2021etik egiten duen literatura-laginen itzulpenerako laguntzen deialdiaren bitartez itzuli diren testuak. Bestetik, 2021az geroztik Euskadi Saria jaso duten euskarazko lan guztienak.

Informazio ugari eskaintzen du atariak euskarazko literatura itzultzeko interesa duen edonorentzat. Sektoreko profesionalen elkarteak, liburu-azokak, dirulaguntzak… Laginekin batera, idazleen eta itzultzaileen berri ere ematen du.

Euskaraz sorturiko zein lan itzuli diren eta nork itzuli dituen jakin nahi izanez gero, berariazko bilatzaile bat sortu du EIZIEk Etxepare Institutuaren laguntzaz, Nor da Nor datu-basean oinarriturik.