Badugu zer pentsatua, zer ospatua, zer aldarrikatua

2026 Iraila 30
Badugu zer pentsatua, zer ospatua, zer aldarrikatua

Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, bideo bat ekarri dugu aurten.


Urtero bezala, irailaren azkenarekin batera, Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna ospatu nahi izaten dugu, gure ofizio hau goretsi eta merezi duen lekua emateko asmoz.

Gaurko eguna ospatzeko, Bego Montoriok eta Iñigo Roquek hilaren 24an eskaini zuten solasaldia bideoz jaso dugu, zuen begi-belarrien gozagarri. Portugesezko literaturez eta kultura horietako obrak euskaratzeko lanaren ertzez aritu ziren joan den astean, Roquek itzuli duen Pepetela autore angolarraren Utopiaren belaunaldia eleberritik abiatuta. Ikusi HEMEN.

Hala ere, ospakizunak ospakizun, ondo dakigu sektorea eta, bereziki, itzultzaile autonomoak estutasunean daudela, lan-baldintza prekarioak eta AA sortzailearen gorakada tarteko, besteak beste. Protesta-giroa berotzen ari da azken aldi honetan, eta horren erakusgarri dugu hain zuzen ere gaurko egunaz baliatuz Frantziako En chair et en os taldeak, Argitalpen Itzultzaileen Sindikatuak (STEF) eta IA-lerte Générale kolektiboak deitu duten greba. Espainiako estatuan, AGPTIk bat egin du, eta bereziki azpimarratu ditu itzultzaile autonomoek oraindik ere jasan beharreko baldintza kaskarrak (langabezia-subsidiorik eza, gutxieneko tarifak ezarri ezina, soldata duina lortzeko zailtasunak eta AA sortzaileak lanbidean eragindako kaltea, adibidez). 

Inondik ere, badugu zer pentsatua, zer ospatua eta zer aldarrikatua.