Bachmann eta Thiong'o Literatura Unibertsala bilduman. Liburuen aurkezpena
Literatura Unibertsala bildumako bi libururen aurkezpena: 'Aldibereko' eta 'Gerra garaiko ametsak'.
Literatura Unibertsala bildumako 176. eta 177. zenbakiak aurkeztuko dira bihar, azaroak 22, eguerdiko 12:00etan, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan:
- Ingeborg Bachmann-en Aldibereko. Itzultzailea: Idoia Santamaría Urkaregi
- Ngugi Wa Thiong'o-ren Gerra garaiko ametsak. Itzultzailea: Olatz Prat Aizpuru
Parte-hartzaileak: Idoia Santamaría eta Olatz Prat (itzultzaileak), Estibaliz Alkorta (Eusko Jaurlaritza), Inazio Mujika (Erein eta Igela argitaletxeak) eta Itziar Diez de Ultzurrun (EIZIE).
Aldibereko
Paper-ertz batean egindako bozeto moduko batzuk dira ipuinok Bachmannentzat, eta, emakume batzuen erretratua egiteaz gainera, garai jakin bateko ohiturak ere erakutsi nahi izan zituen.
Ipuin independenteak dira denak, baina egitura zikliko bat osatzen dute denen artean. Lehenengo ipuina (Aldibereko) eta azkena (Aintzirarako hiru bide) liburuaren bizkar-hezurra dira: ipuin horietako bi emakume protagonistak profesional arrakastatsuak dira –aldibereko interpretea bata, kazetari eta argazkilaria bestea–, eta kontraste nabarmena egiten dute beste hiru istorioetako emakumeekin, zeinak nartzisismo hutsalean, beldurrean eta errealitatea ukatzeko ahaleginean katramilatuta baitaude.
Gerra garaiko ametsak
Aita bat, lau emazte eta hogeita lau senideko familia kikuyu batean jaio zen Ngugi wa Thiong’o, Limurun (Kenya), 1938an. Haurtzaro xume bezain zoriontsua darama mutikoak, britainiarren koloniaren mendean bizi denik ia ohartu gabe. Pixkanaka, ordea, aldaketa ugari hasiko dira gertatzen bere inguruan, eta, adinean aurrera egin ahala, are handiagoa izango da horien eragina bere bizitzan, urruneko itzal gisa ikusten zuen inperioaren bortizkeria eta haren kontrako altxamenduen ondorioak etxe-zokoraino sartuko baitzaizkie laster.
Haurtzaroko oroitzapenen bilduma honetan ez dira falta jaioterriko paisaiaren eta jendearen gaineko deskribapen zehatz eta koloretsuak, ez eta tradizio eta kultura kikuyuenak ere. Haur zeneko begirada berreskuratu du egileak bere istorioaz eta testuinguru sozio-politikoaz idazterakoan: jakin-minezko begirada, irreala eta erreala biak bat egiten dituena, magiaren boterean sinesteari utzi ez dion haurrarena; ezeren gainetik, amets egiteari inoiz uzten ez dion mutiko baten begirada.