Arkaitz Uranga Urbietak irabazi du III. Minaberri itzulpen-beka

2026 Maiatza 13
Arkaitz Uranga Urbietak irabazi du III. Minaberri itzulpen-beka

Jürg Schubiger idazlearen 'Als die Welt noch jung war' liburua euskaratuko du, Naroa Zubillaga Gomez mentorearen laguntzaz. Txalaparta argitaletxeak kaleratuko du itzulpena.


EIZIEk, Iruñeko Udalarekin lankidetzan, Minaberri bekaren hirugarren edizioa antolatu du aurtengo udaberrian, mentoretza baten bitartez nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko, itzultzaile hasiberriei zuzenduta. Txalaparta argitaletxeak kaleratuko ditu bekaren bidez sortzen diren itzulpenak, eta CEDROren laguntza izango du mentoretzak.

Sei gazte aurkeztu dira bekaren deialdira, eta, guztien lanak azterturik, epaimahaiak erabaki du Arkaitz Uranga Urbietari esleitzea beka, liburua osorik itzultzeko. Naroa Zubillaga Gomez itzultzaile eta irakaslea izango du mentore, itzulpen-prozesuan laguntzeko.

Epaimahaiaren iritziz, «ahozkotasuna eta elkarrizketatik gertuko erregistroa izan dira aurtengo itzulgaiaren berezitasunak. Jürg Schubiger-en lana ipuinek osatzen dute, eta kontalariaren eta entzulearen arteko solasa gertukoa eta bizia da. Itzultzaileak bikain jaso du hori dena alemanetik euskararako itzulpenean, euskararen adierazkortasunaz baliatuz horretarako. Erritmoa errespetatu eta naturaltasunez ondu du testua, hizkuntza sinesgarri nahiz freskoan». Ainhoa Mendiluze Ormaetxeak, Ibai Sarasua Garciak eta Naroa Zubillaga Gomezek osatu dute epaimahaia.

Arkaitz Uranga Urbietak (Mendaro, 2002) Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua ikasi zuen EHUn (2020-2024), eta Euskal Kulturaren Eragiletzan Unibertsitate Masterra egin zuen ondoren, Mondragon Unibertsitatean. 2025. urteaz geroztik, euskara-teknikari ari da Eibarko Udalean.

Als die Welt noch jung war (1995) [“Mundua artean gazte zela”, itzultzailearen behin betiko izenburuaren zain] testu laburrez osatutako liburua da. Narrazio eta elkarrizketen bidez munduaren jatorriari buruzko gogoeta bitxi eta irudimentsuak plazaratzen ditu, beren anbiguotasunean aldi berean sinpleak eta sakonak. Istoriook Rotraut Susanne Berner ilustratzaile aleman ospetsuaren irudi ederrez lagunduta daude.

Liburu horrengatik Jürg Schubiger-ek Gazte Literaturako Alemaniako Saria jaso zuen 1996an, eta IBBYren Hans Christian Andersen saria, berriz, bere haur- eta gazte-literaturako obra osoagatik, 2008an. Epaimahaiak hitz hauekin txalotu zuen suitzarraren obra: «Schubiger-enak pentsatzeko istorioak dira. Haren istorioak oso sinpleak dira eta kontu arruntak hartzen dituzte hizpide (…) Irakurleak xarmatu egiten ditu bere indar poetikoaz. Berak dioenez, “Helduen haurtzaroko istorioak kontatzen ditut behin eta berriro”».

Bestalde, bidean da iazko deialdian esleitu zen itzulgaia: Marie-Aude Murail idazlearen Sauveur et fils. Leire Errandonea itzultzaileak euskaratu du bekaren bidez eta Xabier Olarra mentorearen laguntzaz. Udazkenean kaleratuko du liburua Txalaparta argitaletxeak.