Arantxa Iturbek jasoko du 2026ko 'Ibilbide Saria'

2026 Urria 28
Arantxa Iturbek jasoko du 2026ko 'Ibilbide Saria'

Kutxa Fundazioak eta euskal liburugintzaren sektoreko lau elkartek idazle eta irrati esatariaren ibilbide oparoa aitortuko diote azaroaren 19an egingo den ekitaldian.


Kutxa Fundazioak eta euskal liburugintzaren sektorea ordezkatzen duten lau elkartek 2026ko Ibilbide Saria Arantxa Iturbe idazle eta irrati esatariari ematea erabaki dute. Sariak euskal kulturaren eta literaturaren alorrean egindako ekarpen esanguratsua aitortzen du, eta aurten, bereziki, sormenaren, komunikazioaren eta euskararen alde hainbat hamarkadatan egindako lana nabarmendu nahi izan da.

2022az geroztik ematen den aitortza hau Kutxa Fundazioak sustatzen du, euskal liburugintzako lau erreferente nagusirekin elkarlanean: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE) eta Galtzagorri, Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea. Erakunde horietako ordezkariek osatutako epaimahaiak erabaki du aurten saria Arantxa Iturberi ematea.

Ibilbide Sariak 5.000 euroko dotazio ekonomikoa du eta bere helburua euskal kulturari eta literaturari ekarpen iraunkorra egin dioten pertsonen jarduna aitortzea da. Aurreko urteetan saria jaso dute Arantza Urretabizkaiak (2022), Jose Angel Irigaraik (2023), Asun Agirianok (2024) eta Anjel Lertxundik (2025).

Literatura eta irratigintza, ibilbide berean

Alegian jaioa 1964an, Arantxa Iturbek gaztetatik izan zuen idazteko bokazioa. Kazetaritza ikasketak egin zituen idazle izateko asmoz, baina laster aurkitu zuen irratian bere ahotsa eta kontakizunerako espazioa. 1985etik lotuta dago Euskadi Irratiari, eta lau hamarkadatan zehar irratiaren esparruan askotariko lanak egin ditu, albistegietatik hasi eta solasaldi zein elkarrizketa saioetaraino. Bere ibilbide profesionalaren aitortza gisa, 2000. urtean Rikardo Arregi Saria jaso zuen.

Kazetaritzarekin batera, Arantxa Iturbek literatura alorrean ere aztarna sakona utzi du. 1992an argitaratu zuen bere lehen ipuin bilduma, Ezer baino lehen, eta ordutik hainbat lan plazaratu ditu, bereziki pertsonen arteko harremanak, komunikazioaren ñabardurak eta emakumeen bizipenak ardatz hartuta. Lehenago zen berandu, Ai ama!, Kontu-jaten eta haur eta gazte literaturako hainbat lan nabarmen daude bere bibliografian.

Antzerkiaren esparruan ere lan aipagarria egin du Agurtzane Intxaurragarekin batera, eta bi aldiz eskuratu du Max Saria, euskarazko antzerkigintzan egindako ekarpenengatik. Era berean, telebistarako gidoigintzan ere jardun du, besteak beste, Goenkale telesail ezagunean.

Sari banaketa, azaroaren 19an

2026ko Ibilbide Sariaren banaketa ekitaldia azaroaren 19an egingo da, arratsaldeko 19:00etan, Kutxa Fundazioa Kluba aretoan eta Literaktum 2026, Literatura Jaialdiren programazioaren baitan. Bertan, literaturaren, argitalpenaren eta kulturaren munduko ordezkariak bilduko dira Arantxa Iturberen ibilbidea eta euskal kulturgintzari egin dion ekarpena aitortzeko.

Gainera, ekitaldi berean aurkeztuko dira Kutxa Fundazioa Literatura Sarien 58. edizioko euskarazko bi lan irabazleak: Nerea Arrien Elordiren Gorputzen aldiriak kontakizun-liburua eta Jon Gerediagaren Kontuz, Ikaro! antzezlana. Ekitaldia doakoa izango da eta gonbidapenak, bezperan izango dira eskuragarri.

(Iturria:  Kutxa Fundazioa)