Anjel Lertxundik jasoko du Kutxa Fundazioaren 'Ibilbide Saria'

2025 Urria 31
Anjel Lertxundik jasoko du Kutxa Fundazioaren 'Ibilbide Saria'

Idazle emankorrenetako baten ibilbide literarioa saritu nahi izan du epaimahaiak.


Aurten, Anjel Lertxundi idazleak jasoko du Kutxa Fundazioaren Ibilbide Saria, beraren ibilbide literarioa omentzeko, Irun Literatura Sarien banaketa-ekitaldian.

Anjel Lertxundi, Andu, euskal idazlerik emankorrenetakoa da. Irakasle-ikasketak egin zituen Donostian, eta Filosofia eta Letrak Erroman eta Valentzian. Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako irakaslea eta zuzendaria izan zen. Euskal Literatura eta Literatura Unibertsaleko irakasle ere izan zen Donostiako Elizbarrutiko Irakasle Eskolan hainbat urtez.

Idazle gisa, literaturaren esparru guztiak landu ditu: nobela, ipuinak, itzulpenak, egunkarietako artikulu eta zutabeak, saiakerak eta haur- eta gazte-literatura. 1970ean argitaratu zuen bere lehen liburua, Hunik arrats artean, eta 2024an azkena, Berbelitzen hiztegia (Berbelitz itzultzailearen gogoetak biltzen ditu liburuan).

Prentsarako kolaborazio ugari egin ditu —artikuluak, zutabeak, literatura eta kritika zinematografikoak— komunikabide askotan: Egunkaria, Berria, El Diario Vasco, El País... Zinema-zuzendari ere izan da, eta horren erakusgarri da duela hilabete gutxi Tabakaleran estreinatu zen Hamaseigarrenean Aidanez filmaren bertsio zaharberritua. Telebistan gidoilari gisa ere lan egin du; ez da ahaztu behar bere eskua Goenkale telesaileko testuetan.

Kritikaren Sari Nazionala irabazi zuen 1983 eta 1991n Hamaseigarrenean Aidanez eta Kapitain frakasa lanengatik, hurrenez hurren. 1999an Euskadi Saria jaso zuen Argizariaren egunak lanagatik, eta 2010ean Saiakera Sari Nazionala Eskarmentuaren paperak lanagatik. 1994an finalista izan zen Otto Pette eleberriarekin, eta 2010ean Rosalia de Castro saria jaso zuen bere ibilbide literarioagatik. Euskaltzaindiko kide urgazlea da 1983tik, eta ohorezko kidea 2021etik.

Euskal liburugintzaren sektorea ordezkatzen dugun lau elkarteetako ordezkariek osatu dute sari berezi honen epaimahaia: Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak eta EIZIEk.

Sari-banaketaren emanaldia azaroaren 22an izango da, 19:30ean, Irungo Kontserbatorioan.