Anjel Lertxundi: idazlea eta obra
Udako ikastaroa antolatu dute, han izango da idazlea bera ere, eta EIZIEko kideek matrikula prezio murriztua ordaintzeko aukera dute.
Irudia: UIK (EHU)
Aurtengo EHUko Uda Ikastaroetan Anjel Lertxundiri buruzko egun eta erdiko ikastaro-kongresua antolatu dute Beatriz Zabalondok eta Alex Gurrutxagak, Miramar Jauregian: Anjel Lertxundi: idazlea eta obra.
Ekainaren 29an eta 30ean izango da, matrikularako epea zabalik da, eta merkeagoa izango da EIZIEkideentzat.
Ikastaroak literatur ikasketen jopuntuan jarriko du Lertxundiren lana, eta alderdi askotarikoak jorratuko dituzte (nobela, saiakera, haur eta gazte literatura, zinemagintza, etab.), gaur egun indarrean dauden ikerketa ikuspegiak hartuta oinarritzat: genero ikasketak, gatazkaren azterketa, ikasketa kulturalak, ahozkotasuna eta abar. Puntako hamalau hitzaldik, zuzeneko irakurketa musikatu batek eta idazlearen beraren parte-hartzeak osatzen dute egitaraua.
Lertxundiren literatura itzultzeaz eta editatzeaz jardungo dute Idoia Santamaríak eta Jorge Giménezek.