Abian da «Hitzak Zaindari» egitasmoa

2021 Uztaila 9
Abian da «Hitzak Zaindari» egitasmoa

«Hitzak Zaindari» proiektua abiatu dute euskal liburugintzaren katean lan egiten duten eragileek, zaintzaren gaia ardatz hartuta.


«Hitzak Zaindari, Literaturaren hitzak zaindari» kanpaina jarri dute martxan EIZIEk, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. Gipuzkoan egingo da, eta «zaintza» du ardatz. Euskal literaturako bost adituk euskal letretako 20 testu aukeratu dituzte kanpaina honetarako, zaintzaren hainbat ertz erakutsi nahian, hitzak zaindariak ere badirelako.

Orain inoiz baino gehiago bidea elkar zaintzea delako aukeratu dute «zaintza» gaia euskal liburugintzaren katean diharduten lau elkarteek, beren baliabideak baturik literaturaren zaintza goraipatzeko. Aldi berean, xede dute euskal liburuaren kontsumoan eta prestigioan ere eragitea. Gainera, euskal liburugintzak behar duen presentzia areagotu nahi dute beren lana ezagutzera ematearekin batera.

Hauek dira «Hitzak Zaindari» egitasmoa osatzen duten ekimen zehatzak:

Erakusketa ibiltaria

Testuak binilo euskarrian egongo dira ikusgai Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, uztailaren 6tik irailaren 2ra arte.

Ondoren, beste lau herritara eramango da erakusketa.

Liburuxka

Erakusketaren testuak biltzen dituen liburuxka argitaratu da, eta doan banatuko zaie erakusketara hurbiltzen direnei.

Aurrez aurreko emanaldia

Zuzeneko emanaldia eskainiko dute Nerea Loiolak eta Imanol Epeldek, irailaren 2an, 20:00etan, Kutxa Kultur Plazan, «ZAINTZADAN» izenburupean.

Erantsi aipu bat, edo zeurea idatzi

Zuk ere parte har dezakezu ekimen honetan. Erantsi ezagutzen duzun aipu bat edo zeurea sortu. Horretarako, inprimakia bete behar duzu.

QR bidez parte hartzeko aukera ere eskainiko da.