Hizkuntza txikien arteko itzulpengintzaz, Durangoko Azokan
Aurten, Durangoko Azokan izango da EIZIE, Esloveniatik etorri zaizkigun lagunekin egingo dugun solasaldi batean.
Besteak gure ispilu: Itzulpengintza, hizkuntza txikien arteko zubi izenburua jarri diogu mahai-inguruari, eta honako idazle eta argitaratzaileak izango dira gure artean: Juan Kruz Igerabide, Barbara Pregelj, Peter Sventina eta Amaia Apalauza. Elizabete Manterolak gidatuko du saioa.
Noiz: 2018ko abenduaren 7an (ostirala), 16:00etan
Non: Durangoko Azoka - Areto Nagusia
Zer-nolako garrantzia du itzulpengintzak hizkuntza txiki eta minoritarioetan? Badute nolabaiteko kidetasunik hizkuntza txikiek? Badute elkarren berri? Itzultzen dira elkarren artean? Zer euskal idazleren lanak itzuli dira eslovenierara, kroazierara? Zer esloveniar eta kroaziar idazleren lanak itzuli dira euskarara? Nolako harrera dute itzulpenok xede-kulturetan?
Galdera horiei eta beste hainbati erantzuteko, mahai baten inguruan jardungo dute honako itzultzaile, idazle eta argitaratzaileek: Juan Kruz Igerabide idazle eta itzultzailea, Barbara Pregelj esloveniar itzultzaile eta argitaratzailea, Peter Sventina esloveniar idazlea eta Amaia Apalauza itzultzailea. Elizabete Manterola irakasle eta ikertzaileak gidatuko du saioa.