Euskal itzulpengintzari buruzko solasaldiak Bulgarian
Itzultzaile Berriak programaren harira iaz Eslovenian ibili ondoren, aurten Bulgarian izango dira EIZIEko ordezkariak 2018ko urriaren 17tik 19ra, itzulpengintzak literaturaren garapenean eta euskal kulturan duen garrantziaren berri emateko, besteak beste.
Hiru ekitaldi antolatu dira horretarako Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin: Sofian lehenengo biak eta Plovdiven hirugarrena. EIZIEko kide Garazi Arrulak, Elizabete Manterolak eta Arantzazu Royok zenbait ikuspuntutatik jorratuko dute gaia, eta Ludmila Ilieva eta Maria Pachkova itzultzaileekin solasean arituko dira, ezagutzak eta bizipenak elkarrekin partekatzeko.
Hilaren 17an, mahai-ingurua izango da Literatura eta Itzulpengintzaren Etxean (Sofia Literature and Translation House). Biharamunean, Sofiako Unibertsitatean izango dira, gaztelaniazko ikasle eta irakasleekin, eta, hilaren 19an, azkenik, Plovdiveko unibertsitatean jardungo dute elkarteko ordezkariek.