Amaia Gabantxok irabazi du Etxepare-Laboral Kutxa Saria

2018 Urria 1
Amaia Gabantxok irabazi du Etxepare-Laboral Kutxa Saria

Amaia Gabantxo (Bermeo, 1973) idazle eta itzultzaileak irabazi du Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren laugarren edizioa, Gabriel Arestiren Harri eta herri (Rock & Core) eta Maldan behera (Downhill) lanak ingelesera itzultzeagatik. Renon dagoen Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studiesek argitaratu ditu idazle bilbotarraren itzulpen hauek, edizio bakar batean.

Aurtengo irabazleak irailaren 28an jaso zuen saria, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, antolatutako ekitaldi batean. Han izan zen Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta itzulpenek euskarari zein euskal kulturari ateak irekitzeko duten garrantzia azpimarratu zuen. «Amaia Gabantxok egin duen lanari eta, oro har, itzulpenei esker, gure mugez harago eraman dezakegu gure hizkuntza, kultura eta sortzaileen talentua. Itzulpenak oso garrantzitsuak dira euskal kultura nazioartekotzeko, hain zuzen ere, Etxepare Institutuaren helburu nagusietako bat», adierazi zuen.

Saria erabakitzeko orduan, epaimahaiak itzulpenaren kalitatea baloratu du, bai eta argitaletxeak egin duen sustapen lana ere. Gabantxok egindako itzulpenen inguruan, horren «egokitasuna» nabarmendu dute, «tonuari eta erritmoari eusten» baitio. «Itzulpen librea baina justifikatua» dela adierazi dute, «jatorrizko bertsioaren esanahia edo zentzuari jarraitzen diona». Era berean, aukeratutako itzulgaiaren garrantzia nabarmendu nahi izan du epaimahaiak: «Obra kanonikoa da, balio akademiko handikoa, ingelesera itzulita izatea merezi duena». Azkenik, epaimahaikideek azpimarratu dute lan honek «bide luzea» egin dezakeela akademikoki.

Albiste osoa, Etxepare Institutuaren webgunean.

Juan Kruz Igerabide, Espainiako Haur eta Gazte Literaturako saria

Abezedario titirijario (Letren txotxongiloa) liburuagatik saritu dute (Denonartean, 2017). Katalanera, galegora eta gaztelaniara itzuli dute liburua.

Haur eta gazte literatura ez ezik, poesia, eleberria, aforismoak eta saiakera ere landu ditu Igerabidek, eta hainbat idazleren lanak ekarri ditu euskarara (besteak beste, Luzio Apuleioren Metamorfosiak edo urrezko astoa, Anjel Lertxundirekin batera).

Idazlearen lan oparoa beste hainbat hizkuntzatan ere irakur daiteke: gaztelaniaz, katalanez, galegoz, eslovenieraz…

Korapiloak deskorapilatzen ibili ziren, idazlearekin batera Aritz Branton ingelesa eta Monika Czerny poloniarra 2013an, «Idazlea itzultzaileen lantegian» itzulpen-tailerrean, haren sorkuntza-lanaren lagin labur batzuk oinarri harturik.