Aitzina doa ontzia!
«Eginik da, eta aitzina doa ontzia!». Halaxe idatzi du bazkide batek ItzuL posta-zerrendan, Batzar Nagusiaren harira.
Joan den larunbatean izan zen 2018ko Batzarra, Bilboko La Bolsa eraikinean. Hogei bat EIZIEkide elkartu ginen, azken urtean egindakoei begiratzeko eta datorren jardunaldirako asmoen berri emateko. Lan asko eta askotarikoak egin ditu Elkarteak aurreko Batzarretik hona, eta zereginen zerrenda bete-bete dator aurtengoan ere: hamaika ikastaro , Literatura Unibertsalerako eta Urrezko Bibliotekarako ale berriak, Senezen 49. zenbakia...
Zuzendaritza Talde berria ere onartu genuen, aurrekoari bi aldaketa txiki eginda: Iñigo Roquek hartu du diruzain kargua, eta, bestetik, Mikel Babiano batu da taldera.
Honela dago osatuta aurtengo Zuzendaritza Taldea:
- Idoia Gillenea, lehendakari
- Amaia Apalauza, lehendakariorde
- Garazi Ugalde, idazkari
- Iñigo Roque, diruzain
- Leire Otxotorena, kide
- June Díez, kide
- Uxoa Iñurrieta, kide
- Mikel Babiano, kide
Orain dela 30 urte osatu zen lehen Zuzendaritza Taldea, eta urteurrenaren ospakizuna ere hizketa gai izan genuen Batzarrean.