Emily Brontë Literatura Unibertsala bilduman. Liburuaren aurkezpena
Literatura Unibertsala bildumako 171. zenbakia aurkeztuko da abenduaren 1ean, goizeko 11:00etan, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan: Emily Brontë, Gailur Ekaiztsuak . Itzultzailea: Irene Aldasoro Parte-hartzaileak: Irene Aldasoro (itzultzailea), Amaia Apalauza (EIZIE), Estibaliz Alkorta (Eusko Jaurlaritza), Xabier Olarra (Erein eta Igela argitaletxeak). Ikus hemen Irene Aldasorori eginiko elkarrizketa Argia aldizkarian.
Liburuari buruz
Umetatiko lehen amodio bortitz, ero, galgarri, menderaezin baten historia da Gailur Ekaiztsuak. Minbizi bihurtutako bizi-min baten historia. Heathcliff da nobelaren ardatza. Machiavellorekin eta Sadeko Markesarekin lotu izan dute pertsonaia hori. Obsesio baten kontakizuna dugu, beraz, eleberria.
Catherine Earnshawk bazter uzten duenean bere anaiorde Heathcliff ijitokume bat, aitak Londrestik ekarria eta etxean hazia Edgar Lintonekin ezkontzeko, Heathcliff urrundu egingo da, baina bi helburu hauek betetzera itzuliko da: Earnshawtarren etxea bereganatu, bere umetako maitearengandik hurbil egoteko, baina, batez ere, jabetzak ematen dion botereaz bere indarra erakusteko.
Amodio destainatu baten istorioa da, beraz, Gailur Ekaiztsuak, baina hori baino gehiago ere aurkituko dugu eleberri honetan: amodio gutxietsiak eragindako mendeku baten kontakizuna, pasio menderaezin batena, baretu ezineko min bizi batena.