SENEZ aldizkariaren 48. zenbakia kaleratu du EIZIEk
2017ko Senez aldizkariaren aleak, arrunta izanda ere, badu berezi bihurtzen duen ezaugarri bat; izan ere, aurten, EIZIEk, aldizkariaren argitaratzaileak, hogeita hamar urte betetzen ditu. Egia da aldizkaria bera elkartea baino urtetsuagoa dena, baina ezin ukatuzkoa da abagunearen berezia. Hedabidea, hasi bidez, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren komunikabide izateko jaio zen, terminologia eta itzulpengintza zituela jorragai nagusiak. Aurreneko aleak 1984an ikusi zuen argia. Nolanahi ere, terminologiaz eta itzulpengintzaz harago, interpretazioaz eta zuzenketaz ere jardun du Martuteneko Eskolak aldizkariaren lekukoa EIZIE elkarteari eskuan eman zionetik, elkartea 1987.ean sortu eta berehalaxe. Hogeita hamar urte, hortaz, konplitu ditu EIZIEk. Nolatan ez bilakatu urteurrena Senez aldizkariko editorialerako lehengai, bi-bion patua hain estuki loturik joan badira?
Horren adibiderik argiena aurten elkartearen lehendakari izendatu berriari, Idoia Gilleneari, eginiko elkarrizketa, ezin argiago laburbiltzen baititu euskal itzulpengintzaren lehena, oraina eta geroaldirako itxaropena. Aldizkarira bildutako gainerako artikuluak ere, 30 urteko elkarte heldu baten isla hobeezina: elkarrizketaz gain, badakartza ekarri poema itzuliak eta poesia itzultzearen gaineko azterketak, zendutako bazkideak omentzeko artikuluak, lanbidearen gaineko nazioarteko aldarri bat, bazkideen gogoeta teoriko-praktikoak, autoitzulpenaren inguruko artikulu bat, literatura dramatikoa itzultzearen gaineko beste bat, Kixotearen itzulpenari buruzko ikuspegi berezi-berezi bat, itzulpen argitalpenen berri emateko iruzkinak eta, gehigarri halako bat, hizkuntza teknologiez eta itzulpengintza automatizatzeaz diharduen unibertsitateko ikerketa talde batena. Hitz bitan, elkarteak 30 urteotan jorratu dituen gaien paperezko erakusketa.
Elkarte eta aldizkari txiki, apal eta umilak izan arren, munduko kulturari eta hizkuntzei eragin diete biok, euskal txoko txiki eta galdutik eginiko lan isil, eskerga eta etengabeari esker. Bion apaltasunetik, bat zein bestea ezinbestekoak dira euskara eta euskal kultura egun non dauden eta zer diren ulertu ahal izateko.
Guztiarekin ere, urteurrena, atzera begiratzeko garaia baino, areago da etorkizunaz gogoeta egiteko sasoia. Eta horren inguruko gogoeta sendo batzuk dituzte irakurleek aurtengo alean, lehenaldia ezer gutxi bide delako etorkizunerako ikaskizun bihurtu ezean.
Asko aldatu da euskal itzulpengintza, eta aldizkaria zein elkartea mudantza horietako askoren protagonista, eragile, lekuko edo kontalari izan dira, aldez edo moldez.