Matías Múgicak jaso du Itzulpenaren Euskadi Saria, Testamentua itzulpenagatik
François Villonen klasiko handia Erdi Aroko frantsesetik euskaratzean egindako lana saritu du epaimahaiak.
Epaimahaiaren ustez, «Matías Múgicak jatorrizko testuaren oihartzun zintzoa dakarren itzulpena ondu du, 7+6 silabako zortzi bertso-lerroko ahapaldietan, jatorrizkoaren errima berdin-berdina bilatu beharraz testua eta edukia larregi eraldatu gabe, baina jatorrizkoaren doinua iradokitzen duen bulkada erritmikoa eskainiaz. Itzultzaileak berak aitortzen duenez, testua idatzi zenean bere garaiko irakurleei egiten zien efektua bilatzea izan du xede, eta horretarako, konplexurik gabe erabili ditu zenbait lizentzia hizkuntzan, hala silaba-kopuru egokia lortzeko nola errima aproposa eskaintzeko; Matías Múgicaren hitzak erabiliaz, jatorrizko poemaren grazia formalak ekartzeko itzulpenera.
Epaimahaiak berariaz aipatu du, azkenik, testua azaltzen eta argitzen duten oharren erabilera neurtua eta miresgarria, lanaren edizio zainduan era bikainean txertatua, irakurketari trabarik egin gabe laguntzeko taxutua.»
Ramon Etxezarretak, Gidor Bilbaok, Aiora Jakak eta Elizabete Manterolak osatu dute epaimahaia.
Literatura Unibertsala bilduman argitaratua da liburua, eta liburuaren aurkezpenean eman ziren obrari eta itzulpenari buruzko azalpen batzuk.