Yaroslav Gúvarev-ek irabazi du 2017ko Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria

2017 Urria 2
Yaroslav Gúvarev-ek irabazi du 2017ko Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria

Yaroslav Gúvarev (Pyratyn, 1991) irakasle eta itzultzaile ukrainarrak irabazi du Etxepare-Laboral Kutxa III. Itzulpen Saria, Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak eleberriaren ukrainerara eginiko itzulpenari esker.

Epaimahaiak itzulpenaren kalitatea bera eta argitaletxearen sustapen plangintza aintzat hartu ditu erabakia hartzerakoan. Itzulpenari dagokionez, “lexiko aberatsa” erabiltzeaz gain, protagonistaren esaerak itzultzeko irtenbide “irudimentsu eta eleganteak” baliatzen dituela eta “jatorrizko lanean dagoen umorea itzulpenean ere mantentzen duela” azpimarratu du. Sariketara aurkeztutako lau itzulpenak “oso onak” izaki, batzuen eta besteen artean izandako aldea “sustapenaren ingurukoa” izan da, “Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustapenari garrantzia berezia emanez”.

Aurtengoan lehenengo aldiz saritu da zuzenean euskaratik egin ez den itzulpen bat. Epaimahaiaren hitzetan, hau bera “errealitatearen erakusgarri da”, itzulpen zuzena lehenetsi arren “askotan zubi-hizkuntzen bidez” iritsiko baita euskarazko literatura merkatu berrietara.

Albiste osoa, Etxepare Institutuaren webgunean.