Nazio Batuen aitortza itzultzaile profesionalen lanari
Maiatzaren 24an Nazio Batuen Erakundeak A/71/L.68 Erabakia onartu zuen, itzulpen profesionalen lanari aitortza egiten diona, herrialdeak elkartzeko eta bakea, elkar-ulertzea eta garapena sustatzeko tresna gisa. Erabakiaren lau puntu garrantzitsuenetan, erakundeak adierazi du itzultzaile profesionalen lana, ofizio zein arte moduan, garrantzitsua dela, besteak beste, elkarrizketa sustatzeko eta bakea indartzeko. Gehienbat itzultzaileen lanari egiten dio erreferentzia testuak, baina interpreteak eta eleaniztasunaren arloan diharduten profesionalak ere aipatzen ditu, zeharka bada ere.
Halaber, irailaren 30a ofizialki izendatu du Itzultzaileen Nazioarteko Eguna, eta estatu kideei zein nazioarteko erakundeei eskatu die egun hori behar den moduan ospatzeko, beharrezkoa baita oraindik ere itzultzaile-lanaren garrantziaren inguruan kontzientziatzea. Idazkari nagusiari ere dei egiten zaio, Nazio Batuetako hizkuntza-zerbitzuen kalitate ezin hobeari eusten laguntzeko.
Hemen irakur daiteke testu osoa Nazio Batuen sei hizkuntza ofizialetan.
Erabaki garrantzitsua, inondik ere, mundu osoko itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteentzat, baita, oro har, hizkuntzaren arloan lan egiten duten profesionalentzat ere. Zorionak, beraz, guztioi, eta eman diezagula erabaki horrek gure jardunean aurrera egiteko indarra.