IkerGazte kongresuan ere, itzulpengintza ikusgai
UEUk bigarrenez antolatu du IkerGazte kongresua, aurten Iruñean, joan den asteko asteazkenetik ostiralera. Hainbat alorretako 122 ikerketa-lan aurkeztu dira, eta askotarikoak izan dira hizlari gonbidatuen hitzaldiak, tailerrak eta saio osagarriak. Itzultzaileok ere izan dugu tarterik haietan.
Batetik, Euskarazko aldizkari zientifikoen etorkizuna mahai-inguruan, Karlos del Olmok SENEZi buruz jardun zuen, beste lau aldizkaritako ordezkariekin batera: Belen Uranga (BAT), Asier Vallejo (EKAIA), Gidor Bilbao (UZTARO) eta Aitziber Agirre (ELHUYAR). Mahai-inguruan bertan aipatu zenez, bada ezaugarri bat Senez beste lau aldizkarietatik bereizten duena: itzulpengintzaren arloko ikerketa-lanak biltzeko balio izateaz gain, itzultzaileon lanbideaz jarduteko lekua ere badela. Del Olmoren hitzetan, "ikerketa eta lanbidea uztartzeko plaza da". Mahai-inguru osoa ikusgai dago hemen.
Bestetik, aurkeztutako lanen artean, itzulpengintzarekin lotutako bi izan dira: Garazi Arrularena eta Uxoa Iñurrietarena esteka honetan eskura daitezke bi artikuluak, giza zientzien alorreko beste lanekin batera. Gainera, Garazi Arrulak jaso du giza zientzietako IkerGazte saria aurten, autoitzulpen literarioari buruz idatzitako artikuluagatik: "Erdaraz, mesedez": autoitzulpen literarioa Euskal Herrian; ikuspegi orokor bat.