'Demagun ehun urte barru' argitaratu du EIZIEk, DSS2016rekin batera
Gaur aurkeztu dute EIZIEk eta DSS2016k Anjel Lertxundiren Demagun ehun urte barru liburua, izen bereko solasaldien emaitza.
Lan elebidun honek Javier Cercas, Karlos Cid, Marie Darrieussecq, Adan Kovacsics, Miguel Sáenz eta Raul Zeliken hausnarketak biltzen ditu. Izan ere, Lertxundik, Donostia2016k eman zion karta zuria baliaturik, sei lagun horiek bildu zituen Donostian, iazko abenduan, hizkuntza ez-hegemonikoetako literaturaren eta haren etorkizunaren inguruan gogoeta egitera, globalizazioaren eraginpean dagoen testuinguru kulturalean.
Topaketa horien iritzi-trukearen ondoren, parte hartzaileen inpresio eta bizipenak bildu ditu Lertxundik liburu honetan, Harkaitz Canoren artikulu batekin batera. Idatzi guztiak euskaraz eta gaztelaniaz jaso dira, eta Darrieussecq-en eta Zelik-en jatorrizkoak ere erantsi zaizkio (frantsesez eta alemanez, hurrenez hurren).
Jendaurreko ekitaldia
Bihar, maiatzak 11, ekitaldi bat egingo da liburua jendaurrean aurkezteko, Kutxa Fundazioaren Ruiz Balerdi Aretoan (Tabakalera, 4. solairua), arratsaldeko 18:30ean, EIEren eskutik.
Liburuan jorratzen diren gaiei buruz arituko dira Anjel Lertxundi eta Harkaitz Cano, mahai baten inguruan, Xabier Olarra eta Koro Navarro itzultzaileekin batera, Goizalde Landabaso kazetariak moderaturik. Sarrera doakoa izango da.