Norman Manea Literatura Unibertsala bilduman. Liburuaren aurkezpena
Literatura Unibertsala bildumako 170. zenbakia aurkeztuko da apirilaren 19an, goizeko 11:00etan, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan: Norman Manea, Huliganaren itzulera . Itzultzailea: Koro Navarro Parte-hartzaileak: Koro Navarro (itzultzailea), Idoia Gillenea (EIZIE), Estibaliz Alkorta (Eusko Jaurlaritza), Iñaki Aldekoa (Erein eta Igela argitaletxeak).
Liburuari buruz
XX. mendeko gertaera handietan murgilduriko existentzia baten kontakizuna da Huliganaren itzulera; biografia arte bihurtzen asmatu duen idazle baten bidaia da, denboran eta espazioan, ametsean eta errealitatean, iraganean eta orainean barna.Egile/kontalari/protagonistari bere sorterrira itzultzeko aukera eskaintzen zaionean hasten da bidaia handi hau. Oroitzapenak oldean heltzen dira orduan: deportazioak etendako haurtzaroa, komunismoak gaztaroan sortutako suhartasuna eta ondorengo desilusioa, Ceaucescuren diktadurapeko bizitza, intelektualaren zailtasunak inguru itogarri batean, eta, azkenik, erbestea. Hamar urte behar izan zituen Maneak itzultzearen aukeran pentsatzen hasteko. Itzuli? Zertarako? Merezi du? Pertsona subertsiboa, sediziogilea, errebeldea da huligana errumanieraz (huliganul). Eta ez dago argi, huligana izan ondoren, posible ote den aberrira itzultzea.