Sarrionandiaren eta Urretabizkaiaren lanaren lagin bana hainbat hizkuntzatan, irakurle berrien bila
Buru-belarri aritu ziren lanean «Itzultzaile Berriak» hiru egunez joan den ekainaren amaieran, Arantxa Urretabizkaiaren Koderno gorria eta Joseba Sarrionandiaren dozena bat poema oinarri harturik, «Deserria itzultzen» izeneko itzulpen lantegian, Itziar Otegiren gidaritzapean. Lantegiaren uzta bildu dugu orain.
Udaberrian ondu zituzten testuok Europatik etorritako Itzultzaile Berriek, lantegian findu uda hasieran, eta argitalpen digital banatan bildu ditugu orain.
- Urretabizkaiaren Koderno gorria (pasarte bat), bost hizkuntzatan, eta
- Sarrionandiaren Hamabi poema, lau hizkuntzatan.
Besterrirantz abiatzeko prest dira, beraz, enbaxadore finen eskutik: Barbara Pregelj esloveniarra, Karina Mishchenkova errusiarra, Katarzyna Sosnowska poloniarra, Laura Liubinavičiῡte lituaniarra, Maria Pachkova bulgariarra eta Merilin Kotta estoniarra.
Argitalpen horiekin batera, lantegiarean azken eguneko solasaldia eta errezitaldia denon eskura jarri ditugu bideo batean ikusgai, eta pare bat ekarpen ere bai: Aiora Jakak Sarrionandiaren itzultzaile jardunaren berri eman zigun urrunetik bideo batean, eta Iñaki Iñurrietak, berriz, Senez aldizkarian eskaini zizkigun lantegiaren harira sorturiko gogoetak.
Lantegian sortzen ziren kontuen berri eman zigun Garazi Arrulak egunez egun, eta horiek ere sarean ditugu, hango eztabaida mamitsu eta aberasgarriak (berriro) irakurtzeko moduan.