Balio gabe utzi dute Baraiazarraren Itzulpen Onenaren Espainiako Saria

2016 Azaroa 4
Balio gabe utzi dute Baraiazarraren Itzulpen Onenaren Espainiako Saria

Atzo arratsaldean jakin genuen Luis Baraiazarra karmeldar eta ohorezko euskaltzainak irabazi zuela Itzulpen Onenaren Espainiako Saria, Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskaratzeagatik. Gaur goizean, ordea, saria balio gabe utzi dutela jakin dugu.

Izan ere, Baraiazarraren itzulpenak ez zuen betetzen sariketaren baldintzetako bat: «atzerriko hizkuntza» batetik gaztelaniara, katalanera, galizierara edo euskarara itzulitako lan bat izatea. Eta, jakina denez, Santa Teresa Jesusenak gaztelaniaz idatzi zituen bere obrak.

Kultura Ministerioak aitortu du ez zirela jabetu, sariketaren prozesuaren inongo momentutan, Baraizarraren itzulpenak ez zuela betetzen «atzerriko hizkuntzaren» baldintza.

«Frustratuta» dagoela adierazi zion itzultzaile karmeldarrak El País egunkariari, atzoko arratsalde osoa pozik igaro ondoren. Nolanahi ere, itxaropena agertu du albiste honek balioko duela bere lana ezagutzeko.

Ia bi mila orrialde dituen liburu mardul eta mamitsuak honako lanak jasotzen ditu: "Bizitza liburua"; "Perfekzio bidea"; "Barne gaztelua"; "Fundazioak"; "Gutunak" eta "Arimako kontakizunak".

Patxi Uribarrenek Senez aldizkarian itzulpen horren harira idatzi zuen artikuluan dioenez, «Luis Baraiazarra Txertudi, idazle eta itzultzaile euskaltzaina, pertsonarik egokiena dugu honelako lan erraldoi bat burutzeko. Sakonetik ezagutzen ditu Santa Teresaren lanak eta irakatsiak. Lanerako aparteko gaitasuna agertu izan du beti. Aparteko gaitasuna erakutsi du gai erlijiosoak itzultzen. Bera izan zen Teresa Lisieuxkoaren lanen itzultzaile nagusia eta euskarako koordinatzailea. Berak itzuliak ditugu Vatikano II.eko testuak eta Benedikto Aita Santuaren hainbat entziklika. Euskal idazle ziurra eta jario handikoa da. Lan ederrik ugari argitaratuak ditu euskal letren landa zabalean. Euskaltzaindiko lexikologia lantaldeko kide da. Berau izan da hainbat urtetan Karmel aldizkariaren zuzentzailea. Oso ongi menderatzen du euskara batua. Beraz, pertsona aproposa honelako lan bat burutzeko».