Mardul-mardul dator aurten 'Senez' aldizkaria
Kalean da Senez aldizkariaren 2016ko alea, EIZIE elkarteak argitaratua. Barruan, gero eta digitalizatuago eta globalizatuago dagoen mundu bati euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteek ekarritako gogoeta teorikoak eta eguneroko neke eta lanaren ondorioak.
Mardula izan arren, egungo euskal itzulpengintzaren zati bat besterik ez du aurkezten ale honek, eta, halere, ikusgai jartzen du helmen eta sakonera handiak lortu dituela ofizioak: Lêdo Ivoren poema itzuliak, bi elkarrizketa, artikulu teorikoak, praktikaren ondorioak jasotzen dituztenak, teknologiarekin zerikusia duten ekarpenak, argitalpenei buruzko iruzkinak eta EHUko iker talde baten lana, gehigarri moduan emanda. Urte oso baterako irakurraldi eta gogoetagaiak eman ditzake urte oso baten lanaren zati bat jaso duen ale honek.
EIZIEren webgunean dira irakurgai aurkibidea eta artikuluak (PDFan).
Aurtengoa, 2016. urtea, kulturaren aldetik, gogoangarri gerta daiteke Euskal Herrian, besteak beste, Donostiak Europako Kultur Hiriburu moduan zabalduriko ate eta leihoei esker. Eta kulturaren fruitua munduan eman eta zabaltzeko langintza hori, zalantzarik gabe, zailago liteke itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen lana ez balego tartean, ale honetako artikuluek agerian jartzen dutenez.
Euskalgintzan diharduten beste alorrekin elkarrizketa halako bat sortzeko erabilgarri izan daiteke aldizkaria; horra hor irakaskuntza arautua, hedabideak, Euskaltzaindia, idazleak, saiogileak, ikertzaileak, Internet, sare sozialak
Ia bakarka baino egiterik ez dagoen itzulpen, zuzenketa eta interpretazio lan isolatutik harago jo eta itzultzaileen erkidegoa eratzen laguntzen du aldizkariak, bai eta gizartearekin harremanetan jarrita, langintzaren ingurukoak zertan diren aditzera ematen ere, azken buruan, itzulpengintzan ez ezik, oro har, euskal testugintzan ari den jendearentzako gogoetarako bideak zabaltzen ere ahalegintzen denez gero.
Garaian garaiko egoerara egokitzeko gaitasunari eusten saiatzen da aldizkaria, eta horren lekuko dugu esparru akademikoaren eta itzultzaile profesionalen ekarpenak uztartzeko ahalegina.
Mundu zabaleko itzulpenaren inguruko jakinduria hedatzeaz gain, euskaratik eta euskarara eginiko itzulpenen berri ematen ere du.