Xabier Olarrak jasoko du Itzulpengintzako Euskadi Saria
Xabier Olarrak irabazi du Itzulpengintzako Euskadi Saria, James Joyceren Ulises euskaratzeko egindako lanagatik.
Beste itzulpen bikain batzuen artean erabaki dute Juan Garzia, Aintzane Ibarzabal, Gidor Bilbao, Juan Luis Goikoetxea eta Bakartxo Arrizabalaga epaimahaikideek Olarraren lana saritzea: «Izugarria da obra, zentzu guztietan, bere zabalean eta bere konplexuan. Erregistroak eta estiloak etengabe aldatzen dira, eta solas-jokoz josirik dago testua, estilo-ariketa erraldoi bat balitz bezala.
Erreferentzia kultural ugariak guztiz modu sotilean txertaturik datoz testuaren jarioan. Horiek eta gehiago, jakina, bilbe xehe-xehe batean jasorik egun arrunt bezain gogoangarri baten abentura existentziala.
Obra hau euskaraz edonola ematea ere, ez zen dema makala, baina auzo-erdaretako bertsioak berdintzen eta inoiz are gainditzen dituen egokitasun miragarri batez emana datorkigu itzulpen honetan. Tarteka, ausartak dira itzultzailearen erabaki batzuk, baina nekez irudika liteke nola heldu bestela testuaren koska latzei.
Horrez gainera, edizioa bera ere oso zaindua da, eta guztiz osatu eta eguneraturik datoz paratestu oparo baina kasu honetan ia ezinbestekoak; izan ere, oharrak eta abarrak munta handikoak dira maisulan honetan, testutik bereizezinak ia.
Honenbestez, literatura-kanoneko ale gailenetariko bat du euskal irakurleak eskura, bikain ondu eta aurkeztua. On degigula.»