Nami Kaneko itzultzaileak eta Hakusuisha argitaletxeak irabazi dute II. Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria
Nami Kaneko itzultzaileak eta Hakusuisha argitaletxeak irabazi dute Etxepare-Laboral Kutxa II. Itzulpen Saria, Kirmen Uriberen Mussche liburuaren itzulpenagatik.
Saria emateko arrazoien artean dira itzulpenaren kalitatea, euskaratik zuzenean japonierara itzultzeak duen konplexutasuna eta Nami Kanekoren eskarmentua itzulpengintzan. Lan horri esker, Nami Kanekok 2016ko Japoniako Itzulpengintza Sari Nagusia (Nihon honyaku taishō) jaso zuen. Argitalpenari dagokionez, berriz, Hakusuisha etxearen 100 urteko ibilbide luzea azpimarratu dute, eta argitaletxeak liburua Japonian sustatzeko egin duen lan bikaina.
Honako aditu hauek osatu dute epaimahaia: Inaxio Garro Laboral-Kutxako Euskara arduraduna, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria eta EHUko irakaslea, Elizabete Manterola EHUko irakaslea eta EIZIEko kidea eta Lourdes Auzmendi, EHU irakasle, itzultzaile eta interpretea.
Gaur banatu dute saria, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean. Ekitaldiaren amaieran, Kirmen Uribek eta Nami Kanekok Mussche lanaren zati baten irakurketa bat eskaini dute; euskaraz batak, japonieraz besteak.
Albiste osoa, Etxepare Institutuaren webgunean.