Urrezko Bibliotekak beste bi liburu. Aurkezpen-ekitaldia
Datorren ostegunean, irailaren 29an, Urrezko Biblioteka bildumako beste bi liburu aurkeztuko ditugu Arabako Campusean. Laurence Sterneren Bidaia Sentimentala Frantzia eta Italian zehar. Itzultzailea: Josu Barambones. Giorgio Bassaniren Finzi-Continitarren lorategia. Itzultzailea: Koldo Biguri. Campuseko liburu-dendan izango da aurkezpena, goizeko 11:30ean, eta Josu Barambones eta Koldo Biguri itzultzaileek, Bego Montoriok (EIZIE), Jokin Azkuek (Eusko Jaurlaritza) eta Xabier Mendiguren Elizegik (Elkar argitaletxea) hartuko dute parte. Amaieran, mokadutxo bat ere eskainiko da.
Bidaia Sentimentala Frantzia eta Italian zehar.
Garaiko eleberriaren legeak hankaz gora jarri zituen bezala, esan liteke bidaietako literatura eta bidaiariaren sentimendua bera ere behin betiko irauli zituela Laurence Sternek liburu honekin: ordura arte, katedralak, monumentuak eta enparauak ziren han eta hemen ikusi beharrekoak; hemen, berriz, aipatu ere ez dira egiten halakoak: Frantzian barrena firin-faran dabil Yorick bidaiari eta narratzailea, bidean topatzen dituen gizon (eta batez ere emakume) bereziek pizten diotela gogoa eta bideratzen zangoa; plan bat egiten du eta berehala aldatzen; ekintza bat hasten du baina ez amaitzen; beti alai hala ere, zirikatzaile eta umoretsu bezain eskuzabal eta bihozbera.
Bidaiari sentimentala bezain alderrai dabil haren gogoa, batetik bestera, eta izaera libre eta araugabe horren parekoa du idazkera ere: jostari, berbalapiko, sigi-sagatsua. Era guztietako pertsonaiak dabiltza joan-etorrian, gai guztiei buruzko gogoetak sartu-irtenean, Sterneren begirada bihurri eta onberak gidaturiko ibilbide honetan.
Finzi-Continitarren lorategia.
Finzi-Continitarrek, Ferrarako juduen arteko familia aberatsenak, halako lilura bat sortzen diote nobelako protagonista eta narratzaile gazteari: ez bakarrik haien etxe erraldoiagatik, bizimodu isolatuagatik, kultura zabalagatik, jarrera aristokratikoagatik; horrez gain, lagun egin nahi lituzke familiako seme-alabak: adinkide duen Alberto eta, batez ere, haren arreba Micòl, eder bezain urruna. Mussolinik, Hitlerrengana hubiltzeko, Italiako juduen kontra ezarritako lege arrazialek sortuko dute ustekabeko aukera: hiriko tenis elkartean jokatzea debekatua dutela-eta, beren lorategiko tenis-zelaira gonbidatzen dituzte Finzi-Continitarrek komunitateko kideak. Kontalaria eta Micòl adiskide min bihurtuko dira, amodio mindu eta mingarri bat ere sortuko da bietako batengan, baina lotsak, diferentzia sozialak ala patu historikoak ezinezkoa egingo dute harremana. Dotorezia eta sentiberatasuna darizkion eleberri miresgarria dugu hau, betiko joandako garai baten malenkoniaz eta historiaren krudelak suntsitutako lagunenganako elegia-doinuz idatzia.