Nor da Nor datu-basea, azken berrikuntzak
Literatur itzulpenen atala guztiz osatzeko, 2015ean argitaratutako liburuak (eta horien kritikak) jasotzeaz gain, aldizkarietan, webguneetan eta han-hemenka argitaratutako literatur itzulpenak ere jaso ditugu datu-basean.
Jakin bagenekienez literatur itzulpen asko zeudela paperezko liburuetatik kanpo, horiek ere jaso nahi genituen Nor da Nor-en, itzulitako literaturaren informazio osoa emango bagenuen. Eta hala, aldizkarietan argitaratutako 1.591 itzulpenen eta sarean zabaldutako beste 252ren fitxak kontsulta daitezke orain, bai eta testuak berak ere, sarean ikusgai baldin badaude. Armiarma taldekoekin elkarlanean jardun dugu zeregin honetan, atari horretako zenbait gunetan Euskarari ekarriak, Literatur aldizkarien gordailua bilduta zuten informazio guztia geurera ekarri ahal izateko.
Egindako urratsaren garrantziaz ohartzeko, antzerki lanei begiratzea baino ez dugu; euskaraturiko 95 obra argitaratu dira liburu modura, baina beste 45 antzerki lan ditugu euskaraturik, aldizkari edo webguneetan argitaraturik, eta horietako gehienak sarean eskuragarri.
Eta bestelako argitalpenetan agertzen diren itzulpen txatalak ere bildu ditugu, hau da, Batxilergorako testu liburuetan, entziklopedietan agertzen diren itzulpen zatiak.
2015eko itzulpenak ere gehitu ditugu, baina jakitun gara euskaratik beste hizkuntzetarako atalean hutsuneak egongo direla; zaila da informazio hori biltzea, eta ezinezkoa zaigu gainerako atalak bezain eguneraturik izatea.
Itzulpen horien eta oraindik bildu gabe ditugunen atzean zaudeten itzultzaileon berri ere eman nahi du Nor da Nor-ek, eta 48 itzultzaileren biografia laburrak sareratu ditugu. Lehenagotik zeudenei gehituta, laurogeita zortzi biografia ditugu ikusgai. Urtean zehar biografia gehiago prestatuko ditugu, oraindik bide luzea baitugu.
Ondo etorriak izango dira iradokizun guztiak!
Nor da Nor lan-taldea