Malaparte Literatura Unibertsalean, eta Woolf Urrezko Bibliotekan
Etzi, urtarrilak 28, Literatura Unibertsaleko eta Urrezko Bibliotekako liburu bana aurkeztuko da Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, goizeko 11:30ean.
Bertan izango dira bi itzultzaileak eta EIZIEko, Eusko Jaurlaritzako eta argitaletxeetako ordezkariak.
Literatura Unibertsala bilduman, Erein eta Igela argitaletxeek Curzio Malaparteren Larrua liburua aurkeztuko dute, Jose Ramon Vazquezek itzulia.
Urrezko Biblioteka bilduman, berriz, Elkar argitaletxeak Virginia Woolfen Farorantz liburua aurkeztuko du, Anton Garikanok itzulia.
Larrua
Malapartek gerraren izurriari eskaini zizkion hiru liburuetatik bigarrena, Larrua, gerraondoko lehen urteetan idatzia, 1949an agertu zen Italian, eta hurrengo urtean, Frantzian. "Ez da gerrateko Europaz ariko, ezbada gerraondokoaz. Krudeltasunik gabe egongo ez bada ere, ez da Kaputt bezain krudela izango; aitzitik, jostagarriagoa izango da, izugarri bezain alaigarri izango delako" idatzi zuen Malapartek, Larruaz ari zela. Aliatuek askatu/ okupatutako Napoliri buruzko kronika eleberri gisa kontatu honek polemika arras bortitza eta gaitzespenik garratzenak sortu zituen Italian, argitara atera zenean: Eliza Katolikoak liburu debekatuen indixean sartu zuen; eta hainbat italiar ospetsuk, antipatriotiko eta moralgabea iritzirik, gogorki kritikatu zuen. Geroago ere eleberriak kritika latzak eta laudorio sutsuak jaso ditu. Batzuen iritzian, Malaparte "xaboi burbuila terroristen egilea" da; beste batzuek, aldiz, XX. mendeko literatur lan onenen artean sartu ez ezik, XX. mendea hobekienik irudikatzen duen eleberria dela uste dute.
Farorantz
XX. mendeko literaturaren berritzaile handienen artean dago Virginia Woolf ingelesa, eta eleberri hauxe da haren lanaren giltzarrietako bat. Ramsay familiak Eskozioako oporlekuan emandako aldia kontatzen digu, ekintzari eta elkarrizketari baino garrantzi gehiago emanez introspekzio psikologikoari eta pertsonaien barne-munduaren azterketari.