'Beste hitzak', hizkuntza txiki edo gutxituen Europako literatura zirkuitua
Donostia Kulturak eta Donostia 2016k Beste Hitzak (Other words) proiektua aurkeztu zuten atzo. Europako zenbait hizkuntza komunitate txiki edo gutxituen arteko literatur trukerako sarea da Beste Hitzak, eta helburu hauek betetzera dator: literatur eragileen arteko elkarlana sustatzea; literatur sorkuntza prozesuak ikusaraztea; agerian ez dauden gai, gizarte sektore zein ikuspegiak agerian jartzea; eta hizkuntz aniztasunari garrantzia ematea.
Egitasmoak hizkuntza gutxitu eta txikietan idazten duten idazleentzako sorkuntza-egonaldien zirkuitu bat osatu nahi du Europan, hainbat herrialdetako bazkide sarearen bitartez: Euskal Herria, Irlanda, Eslovenia, Mazedonia eta Frisia.
Herrialde horietan egingo dituzte idazleek sorkuntza egonaldiak: herrialde bakoitzak bi idazle aukeratuko ditu urtero, kanpoan zortzi asteko egonaldia egiteko, eta, aldi berean, beste biri emango die aterpe.
Egonaldian idazle bakoitzak sortutako testuak sarea osatzen duten herrialdeetako hizkuntzetara eta ingelesera itzuliko dituzte, eta ondoren, proiektuaren webgunean jarriko dituzte ikusgai.
Ekimena abian da jada, baina proiektua bera 2016-2019 tartean egingo da. Zabalik da idazleak hautatzeko deialdia.