Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak: 'Idatzitik ahozkora: Euskal ipuingintza egungo liburuetan'
Xenpelar Dokumentazio Zentroak antolatuta, 2015eko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak egingo dira azaroaren 18an eta 25ean, Koldo Mitxelena Kulturunean. Gaur egun argitaratuta dauden haurrentzako liburuetan euskal tradiziozko ipuinek eta ipuin unibertsalek duten egoera aztertu nahi da jardunaldiotan, bereziki ahoz kontatzeko eskaintzen dituzten baliabideei erreparatuz. Azaroaren 25eko saioan «Itzulitako ipuin unibertsalak liburuetan» gaia izango dute hizpide, eta aditu hauek parte hartuko dute: Manu Lopez Gaseni. EHUko irakaslea, haur eta gazte literaturan aditua; idazlea eta itzultzailea. Patxi Zubizarreta Dorronsoro. Idazlea, itzultzailea eta haur literaturan aditua. Aines Dufau Lakaberatz. Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuko zuzendaria. Bego Alabazan. Ipuin kontalaria. Jardunaldien antolatzaileak: Mintzola Fundazioa, Tolosako Udal Liburutegia eta Koldo Mitxelena Liburutegia. Laguntzaileak: Galtzagorri Elkartea; Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea (ALDEE), eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE). Sarrera doan da.