'Ezinbestekoa da itzulpen-politika ondo zehaztu bat edukitzea'
Lanbidearen aldeko aldarria plazaratu zuen atzo EIZIEk, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren harian , eta gure ofizioaren isla ere baden Senez aldizkariaren azken zenbakia aurkeztu.
Mikel Garmendiak prentsaurrekoan adierazi zuenez, «28 urte betetzera goaz. Adinez nagusi ez ezik, eskarmentudun ere bagara honezkero eta, hori hala izanik, indarberriturik aldarrikatu nahi dugu gaur, irailaren 30 honetan, itzulpenaren garrantzia.
Itzulpenaren garrantzia diogu, bete-betean uste dugulako kulturan aurrera egiteko, kultura garatzeko, jakintzan eta komunikazioan aurrera egiteko ezinbestekoa dela itzulpenaren alorrari zor zaion arreta eta baliabideak ematea. Nekez egingo baitu aurrera inork gaur egungo munduan itzulpenari behar adinako garrantzia eman gabe».
Karlos del Olmok, berriz, Senez-en zuzendariak, aldizkariaren orain arteko ibilbideaz eta etorkizunaz jardun zuen: «Etorkizunerantz doan oroimen zubi bat baita aldizkaria, ondare immaterialaz ere diharduen ondare material bat (interpretazioa areago baita ahozkotasunaren erresuma ezin ukituzkoa), bai eta euskal itzulpengintzaren, zuzenketaren eta interpretazioaren halako eguneroko fidel samar bat ere. Hedabidea ere bai, jakina, euskara lan tresnatzat darabilten interprete, itzultzaile eta zuzentzaileon komunikazioa gauzatzeko tresna bat, berdinen arteko elkarrizketaren euskarri bat».
Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria
Isaac Xubín itzultzaile eta poetak eta Kalandraka argiteletxeak jaso zuten atzo itzulpen-saria, Sarrionandiaren Tempo de exilio liburuagatik.
Hitz ederrak entzun ziren ekitaldian itzulpengintzari buruz.