elearazi paperean argitaratzeko auzo-laguntza
Danele Sarriugarte eta Garazi Arrula itzultzaileek 2015eko martxoan itxi zuten elearazi.eus atari preziatua. Autore, itzultzaile, kronika eta artikulu eder mordoxka ekarri zizkiguten hiru urtez, eta, orain, azken festa bat ospatzea erabaki dute, azken lan- eta irakurketa-festa bat. Beren ikuspegia, hausnarketak eta ezagutza eskaini dizkigute Danelek eta Garazik eskuzabaltasun osoz, eta liburu formako opari bat ekarri nahi digute orain. Horretarako, auzo-laguntza proiektu bat abiarazi dute liburuak argitaratzeko dirua biltzeko asmoz. Paperezko elearazi aurrez laguntzeak, jakina, badu ordaina, eta, emandakoaren arabera, liburu bat, biak edo liburuen aurkezpena egiteko aukera jasoko duzue. Hemen aurkituko duzue informazio gehiago.