Atzerriko literatura itzultzaileak trebatzeko programa
DSS2016EUk eta Etxepare Euskal Institutuak Itzultzaile berriak proiektua jarri dute abian, euskal literatura Europan sustatzeko xedez.
Proiektua prentsaurrekoan aurkeztearekin batera, atzo bertan ireki zen deialdi publikoa ere, atzerriko zortzi literatura itzultzaile hautatzeko, Euskal Herrian euskara ikasteko edota euskararen ezagutza sendotzeko ikastaroak egin ditzaten.
2015eko ekainean hasi eta 2016ko martxoaren amaiera bitartean izango dira itzultzaileok Euskal Herrian.
Proiektuaren bigarren fasean, EIZIEk ere parte hartuko du. 2016ko udazkenean, lantegi bat antolatuko du Tabakaleran, eta bertara bilduko ditu zortzi itzultzaileak. Horietako bakoitzak euskal idazle bat izango du bikotekide bere zereginetan laguntzeko. Ondoren, jendaurreko saio bat egingo da, lantegiak eman duena azaltzeko.