Zuriñe Sanz itzultzaileak tesia aurkeztu du
Joan den ostegunean, martxoak 5, nazioarteko doktorego tesia aurkeztu zuen Zuriñe Sanz Villar EIZIEkideak, EHUren Gasteizko Letren Fakultatean. Tesiak Unitate fraseologikoen itzulpena: alemana-euskara du izenburu, eta laster egonen da sarean.
Literatur testuen corpusean oinarritutako analisi bat egin du Sanzek, eta unitate fraseologikoak aztertu ditu bai sorburu testuetatik bai itzulpenetatik abiatuta. Horrela, fraseologiaren ikuspegi osoago bat bildu du. Gainera, zuzenean nahiz zeharka itzulitako testuek osatzen dute corpusa, eta helduentzako liburuak nahiz haur eta gazte literatura jaso ditu.
Ibon Uribarri Zenekorta izan du zuzendari, eta tesi defentsan honako epaimahaikide hauek izan ziren: Naroa Zubillaga (UPV/EHU), Raquel Merino Alvarez (UPV/EHU), Josep Marco Borillo (Universitat Jaume I de Castelló), Jorge Felis Díaz Cintas (University College London) eta Jorge Leiva Rojo (Universidad de Málaga).