Literatura Unibertsaleko lau liburu aurkeztuko dira bihar
Literatura Unibertsala bildumako beste lau liburu aurkeztuko dituzte bihar, urtarrilak 27, goizeko 11:00etan, Donostiako Udal Liburutegian. Siddhartha, Hermann Hesse. Itzultzaileak: David Lindemann eta Irati Trebiño Tristezia, zer berri, Françoise Sagan. Itzultzailea: Gerardo Markuleta Soldaduaren itzulera, Rebecca West. Itzultzailea: Maialen Berasategi Samina, Marguerite Duras. Itzultzailea: Xabier Artola Zubillaga Bertan izango dira bost itzultzaileak eta EIZIEko, Eusko Jaurlaritzako eta argitaletxeetako ordezkariak.
Siddhartha
Siddharthak bilatzen zuena edo azken helmuga aurkitu duena esan nahi du sanskritoz. Azken helmugara iristeko bidean, lagungarri izan daitezke irakaspenak, Buda edo Mesiasak, baina baita natura bera ere: Ibaia, naturaren pertsonifikazio gisa, irakasle gorena izango da Siddhartharentzat, Vasudeva txalupariak iragarri bezala.
Hinduismo, budismo, taoismo eta kristautasuneko osagaiak aurki daitezke Siddharthan. Buda historikoaren ibilbidearekin antz handia du Siddharthak: kasta eta etxea utzi eta aszetismoaren bitartez nitasuna gainditu nahi du lehenengo atalean. Taoismoarekin bat egiten du irakasle eta irakaspenekiko mesfidantza erakustean, jakinduria ezin dela hitzez eman ulertzen duenean.
Modernitatearekin lotua den eta horrekin batera porrot egin zuen patriarkatu falozentristari ere ordezkoa aurkitzen dio Hessek Indiar tradizioan, Siddhartha emakumezkoen ezaugarritzat har zitezkeen bertuteak bereganatzen ahalegintzen den heinean: entzuten jakitea, hurkoaren sentimenduekin bat egiten jakitea, berdintasunean oinarritutako sexu-harremanak hobestea.
Tristezia, zer berri
Cécile, hamasei urteko neskatxa bat, Kosta Urdinera doa udako oporrak itsas ondoko etxe alokatu batean pasatzera, aitarekin eta haren maitalearekin. Aita, Raymond, alargun geratu zen 25 urterekin, eta harrezkero limurtzaile baten bizitza darama. Elsa, maitalea, gazte, munduzale eta txolin samarra da. Cécilek haren antzeko neska asko ikusi du aitaren bizitzan sartzen eta, handik tarte batera, alde egiten. Cécile 26 urteko mutil batekin hasiko da maite-kontuetan.
Uda lasai doa, baina, halako batean, Raymonden gonbidapena ezustean onarturik, Anne azaltzen da etxean, eta oso borroka sotila hasten da hiru emakumeen artean. Anne oso ezberdina da besteen aldean: buruargia, kultura zalea, serioa. Handik aurrera, bizimodua asko aldatuko da itsas ondoko etxe hartan
Soldaduaren itzulera
Christopher Baldry-k azken hamabost urteetako oroitzapen oro galdu du, Lehen Mundu Gerran borrokan ari zela zaurituta. Etxera bidaliko dute, eri (ero?), baina, hara iristean, zeharo arrotza egingo zaio bere etxe maite berritua, bai eta Kitty emaztea bera ere. Familia-gizon heldu adeitsu hura 21 urteko gazte alai buruarin bihurtu da. Eta okerrena ez da hori: tematua dago duela hamabost urte maite izan zuen neska hura maite duela oraindik, hots, Margaret Allington, langile-herri batean bizi den andre txiro bat.
Zalaparta. Eskandalua. Mundua hankaz gora. (Etxe barrutik aterako ez den) tragedia bat.
Samina
Paris, alemanek okupatuta dago. Robert eta Marguerite Erresistentzian ibiliak dira. Robert, 1944an, segada batean erori eta Alemaniara deportatu zuten, kontzentrazio esparru batera. Liburuari izenburua ematen dion istorio nagusian Roberten itxarote larrigarria kontatzen zaigu, haren emaztearen Margueriteren beraren ahotsaz. Alemaniako esparruak askatzen ari direla, deportatuak Parisera itzultzen hasiak dira, tantaka bezala, kondizio penagarrietan gehienak. Eta hor dago Roberten emaztea haren zain, bere bakardadean; hura oraindik bizi den ala fusilatu duten ez dakiela, ezer ez jakiteak eta itxaron beharrak sortzen dion egonezin saminean.
Testu hauek okupazioaren azken egunetan idazten hasi baziren ere, 1985era arte ez ziren argitara eman. Batzuk fikziozkoak, besteak benetazkoak, kezka moral baten lekukotasuna uzten digute borreroen eta biktimen arteko harreman konplexuetan.