Itzultzaile-interpreteak ikusgai
Itzultzaile eta interpreteen lana ikusezina dela salatu dugu askotan, munduak ez diola kulturen arteko zubi lan honi nahikoa estimu, zeregin horretan gure funtzioa ezinbestekoa izanik ere. Halere, pasa den urtean askotariko komunikabideetan agertu diren gure ofizioari lotutako albisteak, artikuluak, elkarrizketak biltzen saiatu gara, eta ondorio batera ere heldu gara: itzultzaile-interpreteek geroz eta ikusga(rr)itasun handiagoa dugu.
2014an, Itzulpengintza ikusgai atalean 71 aipamen batu ditugu, zenbatu barik Elkartearen ekintzei edo liburuen kritikei dagozkienak horiek beste atal batzuetan daude sailkaturik; eta ez da kopuru makala! Izen asko aipatu ditugu azken 12 hilabete hauetan (eta ahaztuko zitzaizkigunak!), eta, horretarako, zuon laguntza oso baliagarria izan da, guk ikusi gabekoak helarazi dizkiguzuelako sarritan.
(Alderdi txarren bat aipatzearren,) ikusi dugu hemeroteka honetako dokumentu gehienek literatura-itzulpenari egiten diotela erreferentzia eta benetan nahiko genuke itzultzaile-interprete guztion lana ikusgai izatea.
Nolanahi ere, pozik gaude lortutako emaitzarekin eta hasi berri dugun urte hau are ikusgarriago izatea espero dugu.