Kalean da 'Senez' itzulpen aldizkariaren 45. zenbakia
Barruan, betiko moduan, profesionalei nahiz zaleei, nori bere neurrian, interesgarri gertatuko zaizkien mota guztietako artikuluak datoz Senez honetan: Josu Zabaletak euskaraturiko Prousten poema batzuk eta aipatu itzultzaileari gorazarre egiteko artikulu bat, Espainiako Itzulpen Saria bereganatu berri duelako; Koro Navarrorekin izandako solasaldi luze eta mamitsu bat; Jose Antonio Retolaza zena omentzeko artikulu bat; Denonartean argitaletxeak darabiltzan itzulpen irizpideak; udako ikastaro batean Literatura Unibertsala bilduma eta literatura itzulia jorratu zituzten hiru artikulu; txineratik euskaratzeak dituen zenbait korapilo askatzekoaren inguruko hausnarketa; Pinterren Maitalea lan itzuliaren azterketa; alemanetik euskaraturiko haur eta gazte literaturari buruzko tesi baten nondik norakoak; Mitxelenaren puntuazio marken gaineko azterlan bat; administrazio publikoetako interpretazio soziala; Aita Santuaren interprete jardundako itzultzaile baten menturak; softwarea euskaratzearen inguruko gogoetak; itzulpengintza kudeatzeko Itzulges aplikazioari buruzko argibideak, eta "Polonia helmuga" sailaren bigarren geltokia, Juan Kruz Igerabide bidaide dela. Aurreko zenbakiak ikusi nahi izanez gero, edo aldizkariaren harpidetza egin, webgunean dago informazio guztia.