Uztaileko uzta
Uztaldi oparoa omen da aurtengoa, baita itzultzaileon artean ere. Izan ere, itzulpengintzari eta zenbait itzultzaileren lanaren berri jaso dugu hedabideetatik 2014ko uztail honetan. Beste hilabete batez, elkarrizketa, artikulu eta bideo guztiak bildu ditugu laburpen gisa ekartzeko.
Hauexek izan dira uztailean protagonista: Gerardo Markuleta Poeta Katalan Garaikideak ipuin-antologiaz eta 14 (Jean Echenoz) eleberriaren itzulpenaz, zenbait egunkaritan egindako elkarrizketetan; Iolanda Zuñiga idazle galiziarra eta Iñigo Roque itzultzailea Iflandia saioan Post-it bizitzak liburuaz; Elena Garcia eta Elizabete Manterola EIZIEk eta UEUk batera antolatutako Itzulpengintzari laguntzeko teknologiak ikastaroaz, Unibertsitateak.net atarian; eta Arantzazu Royo bere lan-ibilbideaz elearazi blogeko Itzultzaileak mintzo atalean.
Horrez gain, Pasazaitek argitaratu dituen itzulpen-lanen itzultzaileei buruzko informazioa eta bideoak bildu ditu Pasatzailea, itzultzailea seriean.
Beti legez, esteka guztiak eizie.org atariko Itzulpengintza ikusgai atalean aurkituko dituzue.