Ekaineko fruituak
Udara izaten da uzta batzeko garaia. Hala, aspaldi mamitzen hasitako zenbait itzulpen-lanek eta ekitaldik fruituak eman dituzte ekaineko hilabete honetan, eta, jakina, horien oihartzuna nabarmena izan da hedabideetan.
Ekainean, itzulpen-lan ugari aurkeztu dira. Horien artean, azpimarratzekoa da Gerardo Markuleta itzultzaileak EIZIEren Urrezko Biblioteka bildumari gehitutako alea, Poeta katalan garaikideak. Antologia, eta halaxe jaso dute Berria eta El Diario Vasco egunkariek ere.
Halere, ez da izan ekaineko nobedade bakarra. Xabier Olarra Igelako editoreak George Perec-en bi obraren berri eman digu bere blogean. Iñigo Roquek Post-it bizitzak itzuli du Pasazaite-ren eskutik, eta itzulpen-prozesuaren nondik norakoak azaldu dizkigu bideo-elkarrizketa batean. Naroa Zubillagak, bestalde, euskarara ekarri du Fight Club eleberria, eta, albistea egunkari eta aldizkarietan azaltzeaz gain, Irakurrieran saioan elkarrizketa egin diote itzultzaileari. Halaber, Iñigo Roquek eta Garazi Arrulak batera itzulitako lana ekarri digute, Amets distiratsuen gainbehera, Scott Fitzgerald-en ipuin antologia bat, eta horren berri ere eman du Berriak. Azkenik, Faktoria saioan Aitziber Renteria elkarrizketatu dute nederlanderara itzuli duen Han goitik itsasoa ikusten da (Julen Gabiria) eleberriaren inguruan.
Bestalde, itzulpengintza oholtzan izan da zenbait ekitalditan: Zarautzen ospatu den Literaturian hainbat libururen aurkezpenean eta Madrilgo liburu-azokan Escribir en euskera, publicar en castellano mahai-inguruan.
Amaitzeko, beste gogoeta eta artikulu interesgarri batzuk ere mamitu dira: elearazi blogeko kideek Miren Ibarluzearekin hitz egin dute Itzultzaileak mintzo atalean; Xabier Olarrak Igela argitaletxearen 25 urteko ibilbidea aztertu eta hausnarketa labur bat aurkeztu digu blogean, eta Alberto Atxotegi kazetariak itzultzaileen aldeko estimua agertu du, Noticias de Gipuzkoako artikulu batean.
Beti bezala, albiste, artikulu, bideo eta elkarrizketa horiek guztiak EIZIEren webguneko Itzulpengintza ikusgai atalean aurkituko dituzue.